1917ko Errusiako Iraultza: Gertaerak eta Protagonistak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,62 KB
Otsaileko Iraultza (1917)
Lehen Mundu Gerra eta Errusia
Errusia Lehen Mundu Gerran sartu zen 1914ko abuztuan. Lehendik ere ekonomia arazo larriak zituen Errusiak, eta gerran sartzean arazoak are gehiago areagotu ziren. Herritarrek gosetea eta gerra hura amaitzea eskatzen zuten. Ezkerreko erradikalek (boltxebikeek, sozialista iraultzaileek eta anarkistek) eskaera horiek baliatuz boterea eskuratu nahi izan zuten.
Otsaileko Gertakariak eta Protestak
1917ko otsailean herritarrek protesta ugari egin zituzten. San Petersburgon emakumeek manifestazio handia egin zuten, eta "Ogia eta bakea!" eskatu zuten.
Ondorengo egunetan ikasleek eta langileek bakea eskatu zuten eta tsarraren aurkako oihuak egin zituzten. Tsarrak jendearen aurka tiro egiteko agindu zuen, baina soldadu askok ez zuten agindua bete. Hala ere, 1917ko otsailaren 23ko (mendebaldeko egutegiaren arabera, martxoaren 8ko) manifestazioan berrehun pertsona hil zituzten. Handik bi egunera, soldaduak matxinatu egin ziren eta kalera irten ziren, manifestarien alde. Gainera, Dumako (Errusiako batzar legegilea) diputatu aurrerakoiek manifestazioa antolatu zuten.
Botereen Dualtasuna: Sobietak eta Gobernua
Lvov printzea gobernuburu izendatu zuten, eta sobieten botereari aurre egin behar izan zion.
Armadako tropek iraultzaileekin bat egin zuten eta Lvov presidenteak telegrama bidali zien tsarraren ondoan zeuden jeneralei: "Errusia eta dinastia salbatzeko, erregeak abdika dezala." Jeneralek Nikolas II.ak tronua uztea lortu zuten. Aurrerantzean, Errusia Errepublika bihurtu zen. Errepublika kontrolatzeko aurrez aurre izan ziren Gobernu Iraultzailea eta sobietak. Gobernu Iraultzailea burgesiak osatzen zuen, eta Dumaren babesa zuen; sobietak, berriz, lantegietako eta hirietako auzoetako ordezkariak ziren, eta nekazariak eta armada eurekin zeuden.
Apiriletik Urriko Bilakaera
Leninen Apirileko Tesiak
Lenin Petrogradora (boltxebikeek San Petersburgori jarritako izena) iritsi zenean, boltxebikeen politika aldatu egin zen. Ordura arte, boltxebikeak gobernuaren alde zeuden, baina Leninek sobietak Lvoven gobernuaren aurka jarri zituen, eta "Apirileko Tesiak" adierazi zituen, Errusiako iraultza egiteko:
- Lvoven kabinetearen eta Behin-behineko Gobernuaren aurka jarri behar zen.
- Alemaniarekin bakea egitea eta Lehen Mundu Gerratik irtetea eskatu behar zen.
- Neurri sozioekonomikoak hartzea eskatu behar zen (adibidez, lurraren sozializazioa).
Uztaileko Gertakariak eta Gobernu Aldaketa
Uztailean altxamendu bat gertatu zen Petrogradon, eta boltxebikeek gertaera hori beren helburuak lortzeko (boterea eskuratzeko) aprobetxatu nahi izan zuten. Altxamenduaren ondorioz, Kerenski, sozialista iraultzaile moderatua, jarri zuten presidente Lvoven ordez.
Kerenskiren Gobernua eta Korniloven Saiakera
Kerenskik Alderdi Boltxebikearen Batzorde Zentrala atxilotzeko agindu zuen, alemaniarren zerbitzuko agente gisa jarduteagatik. 1917ko irailean Kornilov jeneral errepublikano eta aurrerakoia diktadura militarra ezartzen ahalegindu zen. Horretarako, eskuineko indarrak (kadeteak), Eliza eta herrialde aliatuetako enbaxadoreak (Frantziakoa eta Erresuma Batukoa) bere alde zituen. Baina Kerenskik, sobieten laguntzaz, Kornilov legez kanpo deklaratu zuen eta diktadura saiakera bukatu egin zen.
Urriko Iraultza eta Boltxebikeen Garaipena
Boltxebikeek Petrogradoko eta Moskuko sobiet guztiak kontrolatzea lortu zuten. Leninek boterea bereganatzeko eraso armatua antolatu zuen. Leninek Errusiako boterea eskuratzeko Petrogrado kontrolatu nahi zuen. Urriaren 24ko arratsaldean, Leninen gidaritzapean, hasi zen iraultza. Altxamenduan hiriko soldaduen erregimentuek eta Guardia Gorriek hartu zuten parte. Horrek adierazten zuen gobernuarekin hautsi zutela. Guardia Gorriak eta soldadu boltxebikeak Petrogradoko toki estrategikoenetan kokatu ziren, guardiei eta zentinelei aurre egin beharrik izan gabe. Urriaren 24ko gauean, hiriko toki guztiak, Neguko Jauregia izan ezik, iraultzaileen esku zeuden. Neguko Jauregia tsarren egoitza zen, eta Kerenskiren gobernua bertan babestu zen, armadako ofizial batzuek eta kadeteen alderdiko kide batzuek lagunduta. Iraultzaren aldeko tropek Jauregia hartzea lortu zuten, eta gobernua atxilotu zuten. Hala ere, Kerenskik ihes egitea lortu zuen. Urriaren 25ean, Behin-behineko Batzorde Militar Iraultzaileak (Petrogradoko sobietak) Kerenskiren gobernua errenditu zela adierazi zuen. Boltxebikeen altxamenduak garaipena lortu zuen.