Aro Garaikideko Pentsalari Nagusiak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,64 KB

Aro Garaikideko pentsamendua hainbat figura nagusiren ekarpenekin hasi zen, gizakiaren eta gizartearen ikuskera tradizionalak kolokan jarriz.

Charles Darwin eta Eboluzioaren Teoria

Hainbat adituentzat, pentsamenduaren historian Aro Garaikidea eboluzioaren teoriarekin hasten da. C. Darwin zientzialariaren Espezieen jatorria hautespen naturalaren bidez lanaren argitaratzearekin, gizakia aurreko espezieen eboluzio naturalaren emaitza dela baieztatu zen. Eboluzio hau zoriz gertatu da. Darwinekin historian lehen aldiz giza generoaren historia naturalista bat proposatzen da, azalpen mitiko, erlijioso eta moralen mende ez dagoena.

Karl Marx eta Materialismo Historikoa

K. Marx XIX. mendeko pentsalari handienetakoa dugu. Bere doktrina nagusia den materialismo historikoaren arabera, giza errealitatea eta giza historiaren funtsa indar ekonomikoek osatzen dute, F. Hegel eta garai horretako beste hainbat pentsalarik uste bezala. Bestalde, kapitalismoari eginiko kritika erraldoiaren bidez, Marxek mendebaldeko gizartea errotik aldatzea eskatzen zuen. Kapitala izenburuko lan ezagunean, sistema kapitalistaren gainbehera halabeharrezkoa zela iragarri zuen.

Friedrich Nietzsche eta Balioen Kritika

XIX. mendearen bigarren erdialdean, burgesiaren garaipen ekonomikoak eta politikoak zalantzagabea zirudienean, F. Nietzschek mendebaldeko balio tradizionaletan oinarritutako ziurtasun “faltsu” guztiak suntsitzea izan zuen helburu nagusi. Filosofiaren alorrean, bilakaeraren nozio filosofikoa aldarrikatzen du. Nietzscherentzat, Platonismoak edo kristautasunak proposatzen duten erako sistema metafisikoek mundu naturaletik ihes egin nahi dute. Jarrera hori bizitzari uko egiten dion gizakiari dagokio. Nietzschek gizakiak bere burua eraiki behar zuela zioen deia egin zuen. Nietzscheren pentsamenduaren dimentsio kritiko paregabeak plano adierazgarri berri bat sortzen du giza errealitatea interpretatzeko.

Sigmund Freud eta Inkontzientea

Darwin eta Nietzscheren antzera, S. Freudek ere mendebaldeko kultura eta gizakiaren gaineko ikuskera tradizionala kolokan jarri zuen. Neurologian espezializatutako medikua zen, desoreka neurotikoez bereziki interesatuta, eta bere hasierako helburua jendeari laguntzea baino ez zen. Baina berebiziko garrantzia izango zuen aurkikuntza teorikoa egin zuen: inkontzientearen aurkikuntza. Inkontzienteak eta instintu biologikoek nortasunean daukaten eragin erraldoia baieztatuz, gizakion alderdi kontzientea eta arrazionala giza jokabidea ulertzeko nahikoa ez dela iradoki zuen Freudek. Aldiz, zalantzan jartzen du giza osotasunaren ideal handia, inkontzientearen aurkikuntzaren bidez.