Clara Campoamor eta emakumeen sufragioa (1931)
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,32 KB
iruzkina: Clara Campoamorren hitzaldia
Testu honen izenburua Clara Campoamor diputatuak Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldia (1931-09-01) da, eta bere izenak dioen bezala, Clara Campoamorrek egin zuen 1931ko irailaren 1ean. Gaiari dagokionez, Espainiako Konstituzioak onartzen zuen emakumezkoen sufragio unibertsalaren aurrean poztasuna agertzea da. Edukiaren arabera, politikoa eta publikoa dela esan dezakegu eta, iturriari dagokionez, historikoa.
Clara Campoamor eta emakumeen eskubideak
Testu hau Clara Campoamorrek Gorteetan egindako hitzaldi baten zati bat da; honetan, emakumezkoen eskubideak defendatzeaz aparte, Espainia sufragio unibertsala onartzen duen lehen herrialde latindarra izatearen garrantzia azpimarratzen du. Honekin batera, esatekoa da nahiz eta 1931ra arte Espainian emakumeek bozkatzeko eskubiderik ez eduki, bozkatuak izan zitezkeela; horregatik, Gorte hauetan hiru emakume zeuden: Victoria Kent, Margarita Nelken eta Clara Campoamor.
Testuinguru historikoa: Bigarren Errepublika
Testuinguruari dagokionez, 1931n alderdi errepublikarrek hauteskundeak irabazi zituzten garaira atzera egin dezakegu. Hauteskunde hauen emaitzak jakin ondoren, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, Eibarren lehenengo eta ondoren Madrilen eta Bartzelonan. Ondorioz, Alfontso XIII.a erbesteratzeko negoziazioak hasi ziren eta esan daiteke monarkiatik errepublikarako trantsizioa modu baketsuan egin zela.
1931ko apirilaren 14an behin-behineko gobernua osatu zen; honetan Alcalá-Zamora zen buru eta koalizio errepublikar-sozialistako kideak zituen ordezkari gisa:
- Erradikalak
- Sozialistak
- Ezkertiarrak
- Kontserbadoreak
Behin-behineko gobernu honek Gorte Konstituziogileak eratu, hauteskundeetarako deia egin eta konstituzio berria egiteko asmoa zuen. Halaber, nekazaritzan, erlijioan eta armadan erreforma sakonak egin zituen, nahiz eta batzuk berandu arte praktikan ez jarri.
1931ko Konstituzioa eta sufragio unibertsala
1931ko ekainaren 28an egin ziren Gorte Konstituziogilearen hauteskundeetan behin-behineko gobernuaren buruzagiak izan ziren garaile. Halaber, Gorte Konstituziogileek behin-behineko gobernuari sostengua eman zioten eta konstituzioa idazteko parlamentua sortu zuten. 1931ko abenduaren 9an konstituzioa idatzi zen eta honetan oinarrizko eskubide bat aitortzen zen: gizonezkoen eta emakumezkoen sufragio unibertsala.
Esan dezakegu konstituzio hau ezkertiarra zela eta horrela definitzen zuela Errepublika: klase guztietako langileen elkartea, deszentralizatua, demokratikoa eta aurrerakoia; azken batean, autonomiak eta sufragio unibertsala aitortzen zituen konstituzio ezkertiarra zen. Honetaz aparte, eskubide indibidual eta politiko batzuk aitortzen zituen, hala nola Parlamentuaren botere legegilea eta Konstituzioaren barne-arautegia. Gobernu honen ondoren, erreforma-egitasmo zabala abian jarri zuen gobernua ezarri zen, Azaña buru zuela.
Ondorioak
Ondorioetan esan dezakegu konstituzio honek emakumezkoen bozkatzea ahalbidetu zuela eta honek gizartean parte hartzea bultzatu zuela. Gainera, emakumeak kargu altuak izaten hasi ziren eta Errepublika garaiko gatazka sozialetan parte hartu zuten.