Deskartesen Metodoa eta Sistema Filosofikoa
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 13,43 KB
Deskartesen Metodoa
Deskartesen helburua jakintza berreraikitzea zen, iraganeko akatsak saihestuz eta zerotik hasiz. Ulertezina gertatzen zitzaion pentsatzea arrazoi bakarra eta bera izanda gizakiarentzat, nolatan egon zitezkeen gai bati buruz iritzi bat baino gehiago. Ondorioz, eszeptizismo handiko garai hartan, zientziaren batasuna behar zela konturatu zen. Are gehiago, kontuan hartzen badugu zientzia bat eta bera dela guztiontzat. Izan ere, benetakoa eta gezurrezkoa banatu eta zientzia eraikitzen duen arrazoimena bakarra da. Desadostasun edo iritzi desberdin honen kausa, arrazoiaren bideratze txarra izan behar zuen. Metodo unibertsal baten falta, azken finean. Hortaz, bere ustez, akatsa zen arrazoia ez zegoela ongi bideratua, beraz, metodo unibertsal bat behar zela.
Deskartesek, modu berean, matematiketan bakarrik emaitza eztabaidaezinak lortu zirela ikusita, zientziaren arlo hori bere metodoaren eredu gisa hartu zuen, batez ere aljebran eta geometria analitikoan oinarrituta. Gainera, zentzumenek askotan akatsetara eramaten gaituztenez, datu hautemangarriak alde batera utzi eta bere metodoaren paradigma bereziki “geometria analitikoan” oinarritu zuen. Horri esker, mundu hautemangarria hizkuntza matematikoan adieraztea lortu zuen, ardatz cartesiarretan emaitzak bilduz.
Hori egiteko, metodo matematiko guztiak bildu eta sinplifikatu zituen bi prozedura hauetan:
Intuizioa: egia bakar bat, arrazoiaren bidez bitartekorik gabe lortzea da. Lehen egiak lortzen dira, sinpleak, argiak eta zalantza-ezinak. Intuizioz lortutako egien ziurtasuna dedukzioarena baino handiagoa da (Adibidez: 2+2=4 dela ulertzea bezala).
Dedukzioa: Dedukzioa ez da Aristotelikoa. Adimenaren asmatze prozesu bat dago eta urrats guztiak intuitiboak dira.
Era berean, bi prozedura hauek bere metodoaren 4 arauekin lotuta daude:
- Ebidentziaren araua: ebidentziarik izan ezean, ez dut ezer egiatzat edo egiazkotzat joko; judizioarekin, bakoitzaren espiritu arretatsuari argi eta bereiziak (egiaren irizpidea) agertzen zaiona soilik aintzat hartu behar da. Egiaren irizpidea definitzen du; egiatzat nabaria dena hartzen dugu (argia eta bereizia dena). Zalantzarik txikiena sortzen duen oro deskartatzen da.
- Analisiaren araua: aztertu beharreko zailtasun bakoitza ahalik eta zati gehien eta sinpleenetan banatzea, intuizioz beren ebidentzia jasotzeko. Zailtasunak hobeto gainditzeko behar adina aldiz banatu behar dira (sinplea dena konplexua baino).
- Sintesiaren araua: norbere pentsamenduak ordenan bideratzea, ezagutzeko objektu errazenak eta sinpleenak hartuko ditugu; gero pixkanaka-pixkanaka objektu konplexuagoak aukeratuz.
- Egindako analisien eta sintesien frogapenaren araua: aurreko pausu guztiak banan-banan zerrendatu behar dira. Zerrenda horiek oso orokorrak izan behar dute, ezer ahazten ez dela ziurtatzeko.
Deskartesen Sistema Metafisikoa
Une Idealista
Pentsamenduak ideiak soilik pentsatzen ditu (gauzen irudipenak) eta gauzak pentsamenduetan ez daudenez, pentsamenduaz kanpoko errealitatera ezin gara iritsi, ez dakigu deus ere berari buruz (solipsismoaren teoria). Ideiak, era berean, ez dira ez egiazkoak ez gezurrezkoak. Soilik kanpoko errealitate bat gainjartzen dugunean huts egin dezakegu.
Metafisikaren Dedukzio Cartesiarra
Dedukzioaren abiapunturako lehen errealitatea aurkitu zuen.
Dedukzioaren Lehen Uneak: Cogitoa eta Res Cogitans
Cogitoaren ebidentziak ez du inolako ziurtasunik ematen gorputzari buruzko ezertaz, ez gorputzeko atalaz, ez horien ezaugarriez. Pentsatzea bakarrik da ziurra.
Hau zioen: 'Zer naiz? Pentsatzen duen gauza bat. Zer da hori? Zalantzak dituen, ulertzen duen, baieztapenak eta ezeztapenak egiten dituen, nahi eta nahi ez duen, irudimena duen eta sentitzen duen zerbait da.'
Horretan, nahimena, afekzioa eta judizioa bereizten ditu.
Deskartesek 'gauza' substantzia aristotelikoaren moduan ulertzen zuen. Pentsatzeak subjektua behar du ezinbestean, eta subjektua Aristotelesek bezala ulertu zuen: pentsatzen duen subjektua *hypokeimenon* da, substantzia; Deskartesen hitzetan, pentsatzen duen gauza (*res cogitans*).
Substantziaren definizio orokorra eman zuen: berez izan daitekeena, beste substantzien beharrik ez duena.
- Pentsatzen duen substantzia: Arima Hilezkorra: Metodoari buruzko diskurtsoan hau idatzi zuen: 'Ni hori (ni naizena gordetzen duen arima) eta gorputza desberdinak dira.' Gainera, gorputza baino errazago ezagutzen da, eta gorputzik ez balego ere, izaten jarraituko luke. Pentsatzearen erabateko independentziak arimaren existentzia eta hilezkortasuna frogatzen du.
- Cogitoa: Egiaren Irizpidea: *Res cogitans*, dedukzio filosofikoaren abiapuntuaren lehen errealitatea da, baina ezin zitekeen deus ere esan baliozko beste errealitate guztiei buruz. Pentsamenduak ezin zuen bere baitan bilduta egotetik atera. Solipsismoaren unea iritsi zen. Argitasunari eta bereizkuntzari esker, cogitoa ebidentzia da. Argia espiritu arretatsu batentzat aurrean eta agerian dagoena da; eta bereizia, berriz, zehatza eta desberdina da, sinpletasunari dagokio. Argia intuizioz hautematen den bitartegabekoa da. Bereizia bere errealitate sinplean ezagutzen dena da.
Dedukzio Metafisikoaren Bigarren Uneak: Jainkoa
Deskartesek zalantza metodikoaren bidez matematika bera ere zalantzan jarri zuen, jenio maltzurraren hipotesiari jarraiki. Bere ustez, nolabaiteko izaki maltzur bat egon daiteke, ahalguztidun bezain iruzurgilea, eta horregatik matematikaren egiarik sinpleena ere ez da erabat ziurra izanen.
Hori dela eta, izaki maltzurraren teoria gainditzeko eta deuseztatzeko, Jainkoaren existentziaren beharra plazaratu zuen: Jainkoa ontasuna bera bada, ez du utziko ni engainatua izan nadin. Hau da, Jainkoak egia bermatzen du, eta hori irizpide gisa aplika dezakegu beste egia ebidente batzuk lortu ahal izateko.
Giza pentsamenduaren ideiak 3 motatakoak dira:
- Jatorrizkoak: arrazoiari lotutako ideiak, esperientziatik eratorriak ez direnak. Nirekin jaiotakoak eta oso sinpleak direnak: askatasuna, pentsamendua, existentzia, perfekzioa…
- Eratorriak: nire pentsamenduaz kanpoko errealitate edo mundu batetik datozenak, zalantzan jarritako hartakoak.
- Fikziozkoak: nik eragindakoak dira, nire pentsamenduak aurreko beste ideia batzuetan oinarrituta sortzen dituenak.
Honekin batera, ideien errealitate objektiboaren teoria aurkitzen dugu. Honen arabera, ideia guztiak berdinak dira pentsatzeko moduagatik, baina zalantzari dagokionez, ez. Teoria honek Jainkoaren existentzia frogatzeko argumentu gisa balio zuen.
Jainkoaren existentzia frogatzeko 3 argumentu eraiki zituen:
- Perfekzioaren ideia: gizakiak zalantza egiten duenean konturatzen da inperfektua eta mugatua dela, perfekzioa baita ziurtasunez pentsatzea. Gainera, perfekzioaren ideia izango ez balu, ez luke inperfektua dela esango. Era berean, Jainkoaren (perfekzio infinituaren) ideiak, Jainkoarengandik (errealitate objektibo infinitu batetik) etorri beharko du. Izan ere, Jainkoaren errealitatea nirea baino altuagoa da, beraz, ni ezin naiz ideia horren sortzailea izan, kausak ezin baitu ondorioa baino gutxiago izan. Ondorioz, aukera bakarra da perfekzio guztiak bere baitan jasotzen dituen izakiak Jainkoaren ideia sortzea.
- Nire existentziaren kausa: ni betidanik existitzea ezinezkoa da, mugatutzat baitut neure burua. Hortaz, ni baino perfektuagoa, baina Jainkoa baino inperfektuagoa den izaki bat izan daiteke nire sortzailea. Baina, azken finean, Jainkoaren azpitik dauden izaki guztiek harengandik sortuak izan behar dute, izaki perfektuena beste guztien sortzailea baita. Beraz, modu zuzenean edo zeharka, Jainkoa nire sortzailea da. Horretaz aparte, nik pentsatzeari uzten diodanean, ez naiz existituko; hortaz, Jainkoa izan behar da berriz pentsatzen hasi arte, denboran iraunarazten nauena eta berdin izaten jarraitzea bermatzen duena.
- Argumentu ontologikoa: Jainkoa irudikatzen dudanean izaki perfektu, ahalguztidun, betiereko, existitzen den… moduan pentsatzen dut. Jainkoa perfektua bada, ni izaki inperfektua izanik existitzen banaiz, ez al da existituko bere baitan perfekzioaren ideiak biltzen dituen izakia? Gainera, nire pentsamenduak bere baitan duen Jainkoaren ideia argia eta bereizia da; beraz, intuizioz ezagutu dezaket.
Dedukzio Metafisikoaren Hirugarren Uneak: Mundua
Arrazoi filosofikoan arimaren eta Jainkoaren ebidentzia finkatua dago. Hala ere, zentzumenen bidez jasotako kanpoko munduari buruz ezin dut ezer ziurrik esan izaki maltzurraren hipotesia gainditu arte. Baina Jainkoaren existentzia frogatzean, hipotesia gaindituta dago; Jainkoa perfektua eta ontasuna bera izanik, ez baitu permitituko ni engainatua izatea, batez ere ebidenteak diren gauzei dagokienez. Horri dela eta, ez du utziko nik nire ideia argi eta bereizietan huts egin dezadan.
Gizakiak joera eutsiezin bat du: zenbait ideia, argi eta bereiziak direnak, pentsamenduaz kanpoko errealitate batetik eratorritakoak direla pentsatzekoa. Baina oraindik ere ez zuen errealitatearen existentzia frogatu.
*Res extensa* gorputza da. Hasteko, erlauntz batetik ateratako argizari zati bat hartu zuen objektutzat, eta haren usaina, itxura, gogortasuna, hotza eta erabilgarritasuna hartu zituen kontuan. Berotan jarri ondoren, aurreko ezaugarri guztiak galdu zituen: beste itxura bat dauka, beste kolore bat, beste usain bat. Ziurtasun osoz daki berotu aurretik argizari zati bera dela, baina onartu behar da hori ez dakigula jakin hasieran ezaugarri hautemangarriengatik.
Gorputzak hedatuak izateko duten ezaugarriari esker bakarrik ezagutzen ditugu; izan ere, itxura eta egoera alda baitezakete. Mundu fisikoa ez digute zentzumenek ezagutarazten, intuizio intelektualek baizik.
Behin kanpoko errealitatea existitzen dela frogatu dugula, haren ezaugarriak azaldu behar dira. Bi mailako ezaugarriak daude:
- Primarioak (nabariak, mundu fisikoko ezaugarri bereizgarriak: luzera, zabalera, sakonera...)
- Sekundarioak (nabariak ez direnak, hedadurari dagozkionak: kolorea, usaina, beroa...)
Fisika Cartesiarra
Mekanizismoa eta Hedaduraren Fisika
Errealitate osoa ulertzeko, irudimenari eta zentzumenei dagokien guztia baztertu ahal izango da. Hori dela eta, zientzia berriko zientzialarien intuizio bidezko baieztapenek oinarri metafisikoa dute orain.
Zientziaren batasunaren ideia cartesiarraren ikuspegitik, zientzia zuhaitza da; horren sustraiak metafisika dira; enborra fisika; adarrak medikuntza, mekanika eta morala.
Esperientziaren Tokia Zientzian
Esperientzia kontuan ez hartzeak eta printzipioekiko konfiantza itsuak Descartes ikuspegi arbitrarioetara eraman zuten; adibidez, material primitiboen partikuletako zurrunbiloetan oinarritutako kosmologiara. Bere ustez, zurrunbilo horiek Jainkoak sortu zituen beti konstante zen mugimendu kantitate batetik: Zurrunbilo horiek materia erdigunerantz kontzentratzen zutenak, Eguzkia eta planetak sortu zituen.
Batzuetan printzipioak ez duela esperientziarekin bat egiten onartzen zuen Descartesek, baina ez zituen inoiz bere printzipioak zalantzan jartzen. Emaitza desberdineko esperientziak bildu beharko lirateke. Horri dela eta, esperientziarako nahiago izaten zuen bere oroimen ugarietan oinarritu beste edozertan baino.
Antropologia Cartesiarra
Deskartesen ustez, eta aurreko filosofoen (Platon, Aristoteles…) teoria dualistei jarraiki, gizakia arimaz (*res cogitans*) eta gorputzaz (*res extensa*) osatua dago. Baina Aristotelesek arima eta gorputzak substantzia bakarra osatzen zutela pentsatzen zuen bitartean, Deskartesek esaten zuen arima eta gorputza bi substantzia elkarrekiko independente direla; beren atributuek adierazten duten bezala: arimarena pentsamendua eta gorputzarena hedadura.
Hala ere, arimak askatasun eta borondate osoa ditu, eta bere erabakiak gorputzaren bidez adierazten dira eta harengan eragina dute. Horregatik arimaren eta gorputzaren artean loturaren bat dagoela onartu zuen, akzidentala bada ere. Arimaren eta gorputzaren arteko lotura azaltzea nahiko zaila gertatu zitzaion Deskartesi, batez ere, substantzia bakoitzak gordetzen dituen ezaugarriak kontuan hartuz.
Gorputza, *res extensa*: substantziari dagokiona, naturaren legeen menpekoa da eta unibertsoaren funtzionamendua bideratzen duen mekanismoaren zati bat bakarrik osatzen du. Hortaz, mugatua da.
Arima, *res cogitans*: ez dago inolako legearen menpe substantzia askea delako, eta ondorioz, hilezkorra da; gorputzarekin kontaktuan badago ere, ez dagoelako guztiz berari lotuta. Gorputza hiltzen denean arimak bizitzen jarraituko du, nahikoa baita pentsamenduarekin, pentsamenduak ez duelako gorputzarekin inolako loturarik.
Beraz, hain desberdinak diren bi substantzien arteko loturak edo komunikazioak nonbait egon behar duenez, Deskartesek epifisiari (arimaren eta gorputzaren arteko komunikazio lana) aitortu zion betebehar hori.