EAEko Hiri Hierarkiaren Iruzkina (2006)
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Geografía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,19 KB
EAEko Hiri Hierarkiaren Mapa: Iruzkina (2006)
Aurrean dugun mapak EAEko hiriek 2006an zuten hierarkia erakusten digu. Honako ezaugarri hauek ditu:
a) Hirien Garrantzia eta Eragin-Eremua
Hirien garrantzi demografiko, funtzional eta eragin-eremuaren arabera, hierarkia bat ezagutzen da:
Euskal Sistema Polinuklearra
Hierarkia horren barruan Euskal Sistema Polinuklearra dago, Bilboko metropoli-eremuak eta Gasteizek osatzen dutena. Mapan ikur handienekin adierazita ageri dira.
Bilboko Metropoli-Eremua
Bilboko metropoli-ingurua EAEko pilaketa demografiko handiena da. Industria-eginkizunak, merkataritza eta negozioak ditu. Inguru honen eragin-esparrua autonomia erkidego osoan hedatzen da, eta nazioarteko lotura aipagarriak ditu Bilboko portuko salgaien trafikoaren eta Loiuko aireportuko bidaiarien trafikoaren bidez.
Donostiako Metropoli-Eremua
Donostia metropoli-inguru baten erdigunea da. Eginkizun dibertsifikatuak garatzen ditu: industriakoak, turistikoak, merkataritzakoak eta kulturalak. Nazioarteko lotura aipagarriak ditu.
Gasteizko Metropoli-Eremua
Gasteizek administrazio-eginkizunak ditu, EAEko hiriburua eta erakunde nagusien egoitza delako. Industria- eta merkataritza-eginkizunak betetzen ditu. Nazioko eta nazioarteko loturei mesede egin die aireportuak salgaien garraioari lotuta duen funtzioak.
Eskualdeko Hiri Txikiagoak
Hiriburuen azpitik hiri txikiagoak daude, eskualdeko betekizun administratiboak, industrialak edo zerbitzu-betekizunak dituztenak.
b) Hiri Sistemaren Espazio Banaketa Desorekatua
EAEko hiri-sistemak banaketa desorekatua du espazioaren ikuspuntutik: kostaldeko eta barrualdeko azpisistemak bereiz daitezke, ezaugarri desberdinekin:
Kostaldeko Azpisistema
Kostaldeko azpisistema Bilbo eta Donostiaren arteko jarraipena da, Baionaraino luzatzen dena. Bilbo eta Donostiako metropoli-inguruak nabarmentzen dira. Kantauri itsasoko haranetan hirigintza handia dago: hiri txikien pilaketak dira nagusi.
Bizkaiko Hiri-Sistema
Bizkaiari begiratzen badiogu, 3 sistema desorekatu dituela ohartu gaitezke. Bilbo Handiaren metropoli-inguruak eginkizun industrial eta tertziarioak pilatzen ditu. Hurbil dauden espazioetan ez dago eskualde-esparruko eginkizunak gidatzeko behar den besteko neurri funtzionala duen hiri-nukleorik. Bilbok industrializazioaren hasieratik xurgatze-efektua izan duelako. Gainerako lurraldeetako hiriak haranen erdialdean kokatuta daude, hiri-garapen eta irisgarritasun handiko ardatzetan. Hiri horiek funtzio zentralak eta nolabaiteko eragina dute sakabanatutako landa-inguruekiko.
Gipuzkoako Hiri-Sistema
Gipuzkoako banaketari begiratzen badiogu, sistema orekatuagoa dela ikus dezakegu. Donostiaren ondoan neurri ertaineko industria-hirien multzo garrantzitsua dago, lurraldean modu nahiko orekatuan kokatuta. Biztanle-nukleo gehienek laguntza ematen dien buru funtzionalen bat dute.
Barrualdeko Azpisistema (Araba)
Barrualdeko azpisistema Gasteizen inguruan biltzen da. Sistema makrozefaliko eta desorekatua da. Hiriburuak Arabako biztanleen %75etik gora hartzen ditu. Bestela, Laudio eta Amurrio soilik konpara daitezke. Arabako hiri-sistemak beste ahultasun batzuk ditu: Errioxa arabarra erkidegotik kanpoko nukleo bati lotuta egotea, ertzeko udalerri batzuk EAEtik kanpoko nukleoarekin lotuta egotea eta Trebiñu Burgosekoa izatea.
c) Kanpoko Harremanak eta Loturak
Hiri-sistemaren harremanak indartsuak dira EAEko hirien artean, eta erkidegoaz kanpoko beste sistema batzuekin ere harreman sakonak ditu:
Iparraldeko eta Ekialdeko Loturak
Kantauri itsasoko erlaitzekin, Nafarroarekin eta Errioxarekin dauden harremanek garrantzi berezia dute. Europari dagokionez, Euskal hiri-sistemaren kokapen estrategikoari esker, hiri-ardatz handiekin lotu daiteke.
Ardatz Nagusiekiko Konexioak
Mediterraneoko ardatzarekin, Ebro haranean zehar, eta Paris-Madril-Lisboa lotzen dituen ipar-hegoaldeko ardatzarekin.
Amaitzeko, EAEko hiri-sistema hierarkizatua eta desorekatua dela esan daiteke, eta harreman sendoak dituela erkidego barruko zein kanpoko beste sistema batzuekin.