Espainiako Garraio Sistema: Ezaugarriak eta Arazoak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Geografía

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,49 KB

Espainiako garraio-sistemak hobekuntza handiak izan ditu 1980ko hamarkadaren erdialdetik, baina arazoak ere baditu, eta garraio-politika horiek konpontzen ahalegintzen da.

a) Inguru fisikoa

Inguru fisikoa ez da mesedegarria. Erliebea gorabeheratsua denez, eta aldapa handiak daudenez, trenbideak eta errepideak egitea zaila da; eta klima-ezaugarri batzuek trafikoa zailtzen dute (adibidez, izozteek). Teknika modernoek zailtasun batzuk gainditu arren, baldintza fisiko horien eraginez, kostuak handiagotu eta errentagarritasuna txikiagotu egiten dira.

b) Lehorreko eta aireko garraio-sare erradialak

Lehorreko eta aireko garraio-sareak erradialak dira. Trazadura horri esker, Iberiar penintsularen erdigunearen eta periferiaren arteko harremanak errazten dira.

  • Lehorreko sarea: Erdigunea Madril da eta erradioak ditu mugetarantz eta portu nagusietarantz. Eredu hori XVIII. mendean hasi zen, Borboitarren errepide-sarearekin, eta XIX. mendean sendotu zen.
  • Aireportu sarea: Madril-Barajasek lotura zuzenak ditu Espainiako aireportu ia guztiekin eta atzerriko aireportu nagusiekin.

c) Barruko garraioaren nagusitasuna errepidean

Bidaiarien eta salgaien barruko garraioa batez ere errepidez egiten da, horri esker atez ateko zerbitzua egin daitekeelako prezio txikian.

d) Ezaugarri teknikoak eta modernizazioa

Ezaugarri teknikoak 1980ko hamarkadaren erdialdetik modernizatu ziren eta maila ona lortu dute. Azpiegiturak hobetu egin dira eta garraio-bideen abiadura, tonak, etab. handitu dira, baina hobekuntzak egin behar dira tarte batzuetan.

e) Lurralde-desorekak

Lurralde-desoreka garrantzitsuak daude irisgarritasunari eta trafikoaren intentsitateari dagokienez; sarearen dentsitatean eta kalitatean desoreka handiak daude, halaber. Irisgarritasun handiena duten inguruak dinamismo ekonomiko eta demografiko handiena dutenak dira.

f) Ingurumen-inpaktua

Garraio-sistemak inpaktu handia du ingurumenean. Inpaktua espaziala izan daiteke: ikusmenekoa, akustikoa, kutsadura atmosferikoa, ekosistemak zatitzea biodibertsitatearen kaltetan, eta baliabide batzuk agortzen laguntzea.

g) Nazioarteko integrazioa

Europako eta munduko garraio-sisteman dagoen integrazioa hobetu egin behar da.

  • Europan Espainiaren kokapen periferikoa arindu egin behar da.
  • Munduan, Espainiaren kokapen geografiko bikaina aprobetxatu behar da nazioarteko trafikoan duen parte-hartzea handitzeko.