Espainiako Trantsizioa: Diktaduratik Demokraziara (1975-1985)

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,77 KB

Trantsizioa (1975-1985)

Sarrera

Francok, bere heriotzaren ondoren erregimena iraunarazteko asmoz, monarkia ezarri bazuen ere, ez zuen lortu; Espainiak erregimen autoritariotik demokraziara eramango zuen bideari ekin baitzion. Beraz, 1975ean, Francoren heriotzarekin, trantsizioa deritzon aldia hasi zen, eta 1982ra arte, alderdi sozialistak boterea eskuratu zuen arte, iraun zuen.

Dena den, monarkia aldaketaren alde agertu arren, prozesua ez zen erraza izan: alde batetik, erregimeneko sektore inmobilistak zeuden eta, bestetik, erregimenarekin erabateko haustura lortu nahi zuten oposizioko sektoreak. Bi joeren artean hirugarren bat sortu zen: erregimenak berak zituen tresnetatik abiatuz sistemaren erreforma egitearen aldekoa. Azkenik, hausturaren aldeko gehienak hirugarren bide horretara biltzeak ahalbidetu zuen irtenbidea.

Monarkiaren ezarpena

1975eko azaroaren 22an, Franco hil eta bi egunera, Gorteek Juan Carlos Borboikoa errege izendatu zuten. Erregeak inbestiduran askatasun handiagoko garai berri baten hasiera iragarri zuen. Hala ere, Carlos Arias Navarro izendatu zuen gobernuburu, eta bazirudien immobilismoari eutsiko zitzaiola.

1976tik aurrera oposizioa mobilizatu egin zen, askatasun handiagoa, amnistia, alderdi eta sindikatuen legalizazioa eta hauteskunde demokratikoak eskatuz. Erregea eta sektore frankista batzuk erregimenaren irtenbide bakarra erreforma bideratzea zela ohartu ziren. Zentzu horretan, erregeak bi erabaki garrantzitsu hartu zituen:

  • Torcuato Fernández Miranda Gorteetako eta Erresumako Kontseiluko presidente izendatzea.
  • Arias Navarroren ordez, Adolfo Suárez jartzea gobernuburu.

Erreforma politikoa

Adolfo Suárezen izendapenak hasieran bai inmobilisten bai oposizioaren mesfidantza areagotu zuen. Baina guztiak harritu zituen amnistia eman zuenean eta oposizioko alderdi bakoitzarekin hitz egiten hasi zenean. Ondoren, sistemaren egituraz baliatuz, erregimenaren erreforma politikoa abiarazi zuen Erreforma Politikorako Legearen bidez.

Horretarako, Fernández Miranda Gorteetako presidentearen eta Gutiérrez Mellado jeneralaren laguntza izan zuen. Azken horrek, presidenteordearen kargutik, militarrak lasaitu eta kontrolatu egin zituen, ez baitzuten erreforma hura begi onez ikusten. Erreformaren legearen arabera, Gorte berriak aukeratuko ziren eta diktadurako funtsezko legeak aldatzeko ahalmena izango zuten. Bai Gorteek, bai herriak, 1976ko abenduko erreferendumean erreformaren legea onartzeak sistema frankistaren amaiera eta trantsizioaren hasiera ekarri zituen.