Etika eta Morala: Definizioa, Desberdintasunak eta Adibideak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,07 KB
Morala: Maila Praktikoa
Morala gizarte batean onartzen diren balio eta arauen multzoa da. Ongiaren eta gaizkiaren ikuspuntutik nola jokatu behar den adierazten duten kode moralak dira. Morala beti konkretua da eta maila praktikoan ematen da. Bizitzari lotuta dagoen zerbait da, gizarte-gertakaria, eta elkarbizitza antolatzeko aukera ematen du. Betidanik existitu da, gizakiak beti izan duelako ongiaren eta gaizkiaren zentzua; horren arabera, beti izan ditu ontzat hartzen zituen jokabideak, jarrerak... eta txartzat jotzen zituenak. Ongia eta gaizki hitzek beti izan dute esanahi bat gizakiarentzat, nahiz eta esanahi hori aldatu denboran zehar.
Morala hitzaz ulertu behar dena zera da: gizaki edo gizarte batek maila praktikoan erakusten duen ongiaren eta gaizkiaren zentzua. Bizitako moralaz identifikatzen da eta kode baten bidez adierazten da; kode moralak aukera ematen dio gizakiari bere jokabideak zuzentzeko eta bi elementuren bidez osatuta dago: balioak eta arauak. Bi elementu horiek guztiz elkarlotuta daude. Azken finean, balioen gainean eraikitzen dira arauak eta arauen azpian beti ezkutatzen dira balorazio batzuk.
Etika: Maila Teorikoa
Etika balio eta arau horien oinarria eta zentzua aztertzen duten gogoeta multzoa da. Zientzia etikoak jokabide moralarekin zerikusia duten ikerketak, teoriak eta gogoetak aztertzen ditu.
Etika morala aztertzen duen zientzia edo jakintza filosofikoa da. Etika moralari buruzko gogoeta arrazionaletatik sortzen da; horren ondorioz, filosofiaren atal bat osatzen du. Beraz, maila teorikoa dagokio. Gogoeta kritikoaren bidez moralari oinarri eta justifikazio arrazional bat ematen saiatzen da (pentsatutako morala).
Moralarekin gertatzen ez den bezalaxe, etika ez da betidanik existitu. Filosofia sortu zen momentutik aurrera hasi zen moralari buruzko gogoeta arrazionala lantzen. Momentu horretatik aurrera, moralari buruz teorizatzeko joeratik, pentsamenduaren historian zehar gizakiak hainbat sistema etiko desberdinak garatu ditu.