Euskal Herriko Industrializazioa eta Berrezarkuntza Garaia

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 21,74 KB

Industrializazioa Euskal Herrian: Isabel II.aren Garaia

Bizkaiko eredua

Hasierako eragileak

  • Industria eta merkataritza tradizionalen presentzia.
  • Eskulan kualifikatua (burdingintzan, ontzigintzan, armagintzan, marinelak, etab.).
  • Burgesia: kapitalismoaren teknikak eta funtzionamendua ezagutzen ditu.
  • Kapitalak (meatze-ustiatzaileena, merkatariena, kolonietatik ekarritakoak, etab.).
  • Kokapen estrategikoa: itsaso ondoan eta Penintsula eta Europa arteko lotura.
  • Burdin mea: hematite ugari eta ustiatzeko erraza.
  • Aduanen aldaketa (1841): merkatu nazionalaren parte-hartzaile.

Eragile berriak

  • Bessemer bihurgailuaren asmakuntza (1856). Asmakuntza honek altzairu-produkzioa handitzea eta kostuak txikitzea zekarren, baina fosforo gutxiko mineralaren erabilera eskatzen zuen, hematiteak adibidez. Hauek Europan eskasak ziren (Suedian), Bizkaian, aldiz, ugariak (Somorrostro-Muskiz inguruan batez ere), ustiatzeko oso errazak eta gainera itsas portuetatik gertu, esportazioa erraztuz. Bizkaiko meatzaritza eta burdingintzarako izugarrizko bultzada izan zen.
  • Hainbat lege estatal (1849, 1858, 1868, 1869) eta Foruen abolizioa (1876). 1849: meatzeen ustiapenaren pribatizazioa, mea esportazioari erraztasunak, etab.; 1855: Desamortizazio Zibila; 1859: meatzaritzarako elkarteen sorrera baimendu zen; 1868-69: meatzeen ustiaketa betiereko eman zen, bertako eta kanpokoei, kanon baten truke. Bizkaiko Foruek basoak nolanahi soiltzea eta mea gordina atzerrira esportatzea debekatzen zutenez, hauen abolizioak debekuarekin bukatzea eta ustiakuntza eta esportaziorako askatasuna ekarri zuen (1876). Honek guztiak meatzaritzaren liberalizazioa, meategien ustiakuntza partikularren eskuetan gelditzea, ustiakuntza hauen interesen arabera egitea, mea gordinaren esportazioa, eta abar ahalbidetu zuen. Bertakoen inbertsioak ugaritu egin ziren eta, batez ere, kanpoko kapitalen etorrera masiboa izan zen.
  • Kontzertu Ekonomikoak: 1878an: Zerga politika propioa, Foru Aldundien eskuetan. Gaur ere badago. Paktu honen bidez autonomia fiskala lortu zen: zergak diputazioek batzen zituzten eta zati bat Madrilgo gobernuari ematen zioten. Gainerakoa, nahi zuten moduan gastatzen zuten.

Meatzaritzaren garapena: 1869tik aurrera

  • Kanpotik etorritako kapital ugariek —ingelesak, frantsesak eta alemanak batez ere— burdin mea ustiakuntzarako enpresak sortu zituzten, besteak beste:
    • 1870ean The Bilbao River and Cantabrian Railway Co. Ltd., britainiarra.
    • 1873an Orconera Iron Ore Co. Ltd., frantsesa, belgikarra, alemana eta euskalduna.
    • 1876an Société Franco-Belge de Mines de Somorrostro.
  • Bertako familiek ere aipatutako edo/eta eurek sortutako enpresetan inbertitu zituzten beren kapitalak. Horien artean Ibarra, Chávarri, Durañona, Gandarias, Sota y Aznar, Martínez de las Rivas, etab. abizenak aurkitzen ditugu.
  • Burdin minerala Britainia Handira eramateak joan-etorriko merkataritzaren sorburu bihurtu zen: barkuak britainiar uharteetara burdinaz zamaturik joaten ziren eta Bizkaiko labe-garaientzat ezinbestekoa zen harrikatzaz beterik itzultzen ziren.
  • Honek guztiak hurrengo etapan burdin meatzeak bete-betean ustiatzea ekarriko du.
  • Bestalde, bertako meatze-enpresetan lortutako irabaziak inbertitu ahal izango dira, arlo desberdinetan, horien sendotzeari lagunduz (metalurgia, ontzigintza, industria elektrikoa, etab.).

Siderurgia: Labe garaien ezarpena

  • Boluetako Santa Ana (1841). Lehenengoa izan zen. Bilboko merkatari talde batek sortua, lehenetariko sozietate anonimo bat eratuz. Burdinola baten instalazioak erosi, teknikari frantsesak ekarri eta makineria inportatuz, lehen labe-garaiak martxan jarri zituzten. Konpainiak kontrolatzen zituen meatze eta mendiek labe-garaien burdin eta egur-ikatz horniketa segurtatzen zuten.
  • Nuestra Señora de la Merced (1848).
  • Nuestra Señora del Carmen (1854 inguruan), El Desierto aldean.
  • 1865 inguruan harrikatzezko lehen labe-garaia ezarri zen: Nuestra Señora del Carmen.

Gipuzkoako berezitasunak

Eragileak

  • Manufaktura tradizio handia.
  • Lanetara ondo egokituriko langileak.
  • Merkataritza eta manufakturetan aritutako burges taldea.
  • Inbertitzeko prest hainbat kapital (merkatarienak, lur-jabeenak, indianoenak, etab.).
  • Kokapen eta komunikabide egokiak.
  • Aduanen aldaketa (1841): merkatu nazionala bertakoen esku.
  • Kanpoko kapital inbertsioak, Bizkaiko eta Espainiakoak batez ere.

Gipuzkoa eta Bizkaia: Bi industrializazio eredu

Gipuzkoa

  • Lurralde osora zabalduta industria: Deba, Urola eta Oriako bailaretan eta Hernani, Pasaia eta Irunen artean.
  • Era askotariko industria: papergintza, metalurgia, ehungintza, arrantza, armagintza, elikagai-industria, burdingintza/siderurgia, ontzigintza, etab.
  • Instalazio ertain eta txikiak. Eskulan gutxiren erabilera.
  • Enpresa ertain eta txikiak. Kapital inbertsio txikiagoak. Jabe ugarien esku.
  • Irabazi moderatuak.

Bizkaia

  • Nerbioi ibaiadarraren inguruan industria kontzentrazio handia.
  • Meatzaritza eta burdingintza industriak Bizkaiko industrializazioaren oinarri eta ardatz.
  • Instalazio erraldoiak. Eskulan ugariren erabilera.
  • Enpresa handiak. Kapital inbertsio handiak. Familia gutxi batzuen kontrolpean.
  • Irabazi izugarriak.

Industria garrantzitsuenak

  • Papergintza Oria inguruan:
    • La Esperanza (1841). Donostiako burges talde batek fundatua. Hau izan zen paper jarraitua egiten zuen Espainiako lehen lantegia.
    • Berehala paper fabrika ugari (Irura, Txarama, Amaroz, etab.), berrikuntza teknologikoez horniturik.
  • Kotoi industria txikia, eskualdeko merkaturako ekoizten zuena: Bergara, Lasarte, Azpeitia.
  • Burdingintza/metalgintza: burdinola tradizional asko modernizatu ziren, Deba bailaran batez ere.

Trenbideak Euskal Herrian

Euskal Herrian ere trenbide sarea garatzen joan zen eta Euskal Herria Gaztela eta Iparraldearekin gehien batu zituzten trenbide lineak hauek izan ziren:

  • Madril-Irun trenbide linea. 1856an subastara atera zen, “Caminos de Hierro del Norte de España” konpainiaren antolaketarekin eraikitzen hasi eta 1864an Irunera iritsi zena, Euskal Herria zeharkatzen zuen Miranda, Gasteiz, Altsasu eta Tolosatik igaroz.
  • Tutera-Bilbao trenbide linea. 1857an Bizkaiko merkataritza burgesiak sortua, Bilboko portuak Gaztelako produktuen esportazioak jasotzeko eta, Mirandan, Madril-Irun linearekin bat egiteko balio izan zuen.
  • Bestalde, 1865 eta 1879 artean, meategiak portuekin elkartu zituzten trenbideak eraiki ziren, minerala errazago esportatu ahal izateko, eta meatzeak ustiatzen zituzten atzerriko konpainiek ordaindu zuten batez ere trenbideen eraikuntza, Bilboko burgesiak ere parte hartu zuen arren.

Finantzen modernizazioa

Gobernu progresistek moneta-sistemaren eta banku-sistemaren egokitzapena bultzatu zuten, herrialdearen modernizazioaren eskaeraren arabera hain zuzen ere. 1856an Jaulkipen Bankuen Legea eta Kreditu Sozietateen Legea arautu ziren, trenbidearen eraikuntzarekin lotura hertsia zutenak; lege horien ondorioz, sozietate anonimoen, bankuen eta kreditu-erakundeen kopurua handitu egin zen. 1857an Banco de Bilbao eta Banco de Santander sortu ziren; Seiurteko Iraultzailean, 1868an, pezeta Espainiako moneta-unitate bihurtu zen.

Industrializazioa: Berrezarkuntza Garaia (1876tik aurrera)

Industrializazioaren finkapena

1876tik aurrera, Gerra Karlista amaitu ondoren, Euskal Herriko industriaren hazkundea, berrogeiko hamarkadan hasita zegoena, indartu egin zen, Bizkaian batez ere.

Bizkaia

Meatzaritza

Somorrostroko burdin mearen erauzketa eta Ingalaterrara zuzendutako esportazioek gora egin zuten 1876tik aurrera, honela Bizkaia estatuko ekoizle nagusi bilakatuz. Ustiapen erritmoa handitzen joan zen 1900. urtera arte; meatzeak agortzean eta neurri protekzionistak ezartzean ekoizpenaren erritmoa behera egin zuen XX. mendeko lehenengo hamarkadetan. Hala ere, meatzeetako erauzketatik eta esportaziotik sortutako kapitalak Bizkaian, hein handian, industrializazioa finantzatzea ahalbidetu zuen.

Siderurgia

Industria siderurgikoa izan zen industrializazioaren motorra, Bizkaian hematitea, ikatz asturiarra eta ingelesa (Britainia Handira burdina eramaten zuten ontziek ikatz ingelesa zekarten itzultzean), teknologia (Bessemer eta Siemens-Martin prozedurak altzairua elaboratzeko) eta atzerriko eta bertako kapitalak baitzeuden eta barne nahiz kanpo merkatua baitzuten. 1879 eta 1882 artean estatuko hiru siderurgia garrantzitsuenak eraiki ziren Bizkaian, euren teknologia oso aurreratua zelarik: San Francisco de Mudela (Francisco de las Rivas-ek), Vizcaya (Víctor Chávarri-k), eta Altos Hornos de Bilbao (Ibarra-tarrek). Industria hauen ekoizpenak gora egin zuen etengabe. Bizkaiko burdina eta altzairua Europa osora esportatu ziren. XIX. mendearen bukaeran Europan izandako krisiaren eta kanpo merkatuen galeraren ondorioz, Bizkaiko industria, siderurgikoa batez ere, neurri protekzionistak ezartzearen alde agertu zen (1891ko muga-zergak), barne merkatuan kanpoko konpetentzia saihesteko. Halaber, beste herri industrializatuetan bezala, hemen ere industria-kontzentrazioaren prozesua hasi zen. Honela, 1902. urtean Altos Hornos de Vizcaya sortu zen. Bertan Vizcaya, Iberia eta Altos Hornos de Bilbao bildu ziren. Siderurgian ateratako irabaziak meatzaritzan ateratakoei batuta hainbat arlo ekonomikoren finantziazio eta garapenean erabat lagungarriak izan ziren, besteak beste ontzigintzan, industria elektrikoaren sorreran, komunikabideetan, banketxeetan, etab.

Ontzigintza

Burdin mearen eta burdin totxoaren esportazioek eta ikatzaren inportazioek Bilboko merkataritza-ontzien beharra handitu eta ontzigintza gogor bultzatu zuten XIX. mendearen bukaeran. Aldi berean, ontzigintzaren hazkundeak bertako industria siderurgikoarentzat onuragarria izan zen. Bilboko meatzeetako eta siderurgiako burgesiako familia asko (Sota y Aznar, Gandarias, Ibarra, etab.) ontzigintzan hasi ziren. Ontziolak egokitu zituzten, lurrunaren bidez mugitutako ontziak eraikitzeko. Martínez Rivasen Astilleros del Nervión, Sotaren Compañía Euskalduna eta Sestaon kokatua zegoen Sociedad Española de Construcción Naval enpresek Bilboko merkataritza-ontziteria eta Espainiako gerra-ontziak berritu zituzten. 1898an, koloniak galtzean, kapital batzuk herrialdera itzuli ziren eta horrek ere ontzigintzaren sektorea azkartu zuen.

Industria elektrikoa

Bilboko burgesiak erabat bermatzen zuen sektore elektrikoa bultzatu zuen Euskal Herrian eta Espainian. 1901ean Hidroeléctrica Ibérica fundatu zen, Banco de Vizcayaren finantzaketarekin, besteak beste, Leitzarango ur-jauziak ustiatzeko. 1907an Hidroeléctrica Española enpresak Madrilera elektrizitatea eraman zuen linea elektrikoa eraiki zuen, Europako instalazio garrantzitsuena bihurtuz. Banco de Vizcaya zeritzanak Espainian XX. mendeko lehenengo bi hamarkadatan sortu ziren konpainia elektriko gehienetan parte hartu zuen. Hogeiko urteetan José Orbegozo donostiarrak Saltos del Duero enpresa zuzendu zuen, Tormes, Esla eta Duero ibaiak ustiatuko zituena hain zuzen ere.

Finantza-erakundeak

Bizkaian, XX. mendea hasi ondoren, hazkunde ekonomikoak sortutako giroak finantza-egitura baten osaketa ahalbidetu zuen, meatzeetako eta siderurgiako oligarkiatik iritsitako kapitalekin. Bi banku berri (aurretik Banco de Bilbao) sortu ziren: Banco de Vizcaya eta Crédito de la Unión Minera. Euskal Herriko finantza-kapitala hedatu egin zen eta merkatu eta industria espainiarrean inbertitu zen. Halaber, enpresa-negozioak ugaritu zituzten sozietate anonimo asko sortu ziren.

Gipuzkoa

1876an hasitako hedapenak Gipuzkoan ere garapen ekonomikoa azkartu zuen, batez ere 1898tik aurrera, koloniak galtzean hango kapitalak itzuli baitziren. Orokorrean, aurretik martxan ipinitakoaren jarraipena indartuta izan zen. Lurralde guztian zehar industria metalurgikoak, ehungintza-fabrikak, paper-fabrikak, elikagaien esparrukoak, arma-fabrikak, etab. finkatu eta indartu ziren. Papergintzak 1880 eta 1890 artean krisia izan zuen, baina XX. mendearen hasieran berregituraketa izan zuen Papelera Española sortu zenean eta bertan Errenteriako eta Tolosako zenbait industria bildu zirenean. Gipuzkoan gehien garatu zen sektorea metalurgikoa izan zen, zenbaitetan Bilboko inbertsioei esker. Enpresa txiki asko probintzian zehar hedatu ziren, horien artean Beasainen CAF (Compañía Auxiliar de Ferrocarriles) eta Eibarko arma-industria azpimarratu behar dira. Pasaiako eta Zumaiako ontziolek ere ontzien eraikuntzaren gorakadan parte hartu zuten.

Araba eta Nafarroa

Euskal Herriko gainerako tokietan industrializazioaren eragina urria izan zen. Kontsumorako ondasunen industriak, oinetakoenak, altzarienak, etab. hainbat industria ezarri ziren.

Erregimen politikoa

1874aren amaieran, Borboien Monarkia ezarri zen berriro Espainian, Alfontso XII.a buru zela. Horrela, Berrezarkuntza egon zen indarrean 1923ra arte, eta hainbat errege izan ziren agintean: Alfontso XII.a (1875-1885), Maria Kristina erreginaordea (1885-1902) eta Alfontso XIII.a (1902-1931).

Canovasen sistemaren ezaugarriak

Berrezarkuntzako sistema politikoa eratu zuen. Alderdi Kontserbadorea sortu zuen. Herritarren demokrazia-eskariei entzungor egin zien eta hiritarren eskubide indibidualak ezerezean utzi zituen.

1876ko Konstituzioa

Konstituzio hau 1845ekoaren oso antzekoa zen. Subiranotasuna erregearen eta Gorteen esku zegoen. Erregeak ministroak izendatzen zituen, Gorteak biltzeko deia egiten zuen, eta legeei betoak (ezetza emateko eskubidea) jartzeko eskubidea zuen. Bi ganbara zeuden Gorteetan. Diputatuak herritarrek aukeratzen zituzten hauteskundeetan, sufragio zentsitarioz, eta gizonezkoen sufragio unibertsalaz 1890etik aurrera. Erlijio katolikoa izendatu zuen estatuaren ofizial.

Txandakatzea eta bi alderdiko sistema

Cánovasek txandakatze-sistema ezarri zuen, eta bertan bi alderdik zuten boterea, txandaka, aldez aurretik adostuta:

  • Alderdi Kontserbadorea: 1875ean sortu zuten. Cánovas zen buru. Liberal moderatu eta unionistak biltzen zituen.
  • Alderdi Liberal Fusionista edo Alderdi Liberala: 1880an sortu zen, eta buruzagia Sagasta zen. Liberal progresistek osatzen zuten.

Sistema honetatik kanpo zeuden beste guztiak.

Jauntxokeria

Burgesiaren alderdien arteko txandakatzea bermatzeko, hauteskundeak manipulatu eta iruzur egin behar zuten agintariek. Nekazal guneetan, jauntxoek kontrolatzen zituzten bozketak, eta nahierara aldatzen zituzten emaitzak hauteskundeetan.

Sistemaren aurkako oposizioa

Errepublikazaletasuna

Errepublikazaleak hainbat alderditan banatuta zeuden: posibilistak, Batasun Errepublikarra, Alderdi Errepublikar Erradikala, eta federalak. Oso talde txikiak ziren.

Anarkismoa

1874tik aurrera, elkarte anarkistek ezkutuan jardun behar izan zuten. 1881ean, Sagastaren gobernuak Espainiako Eskualdeko Langile Federazioa (FTRE) osatzea onartu zuen, baina anarkisten arteko zatiketarengatik ez zen gauzatu. Horrela, anarkismo erradikalenak terrorismoaren bidea hartu zuen, eta gobernuak federazioa desegin zuen. Anarkismoari lotu zitzaizkion gizarteko sektoreak nekazariak eta kualifikatu gabeko langileak izan ziren. Euskal lurraldeetan, eragina izan zuen, baita Kataluniako oihalgintzaren sektorean ere, batez ere CNT sindikatuaren bidez (1911). 1911n, Langileen Konfederazio Nazionala (CNT) eratu zuten legez. Konfederazioak 1917ko greban parte hartu zuen, eta afiliatu gehien bildu zituen sindikatua izan zen.

Sozialismoa

Madrilen, 1879an, joera marxista antolatzen hasi zen, eta bultzatzaile batzuk Pablo Iglesias eta Jaime Vera izan ziren. Hauek Espainiako Alderdi Sozialista Langilearen (PSOE) sortzaileak izan ziren. 1887an, Elkarteen Legeaz baliatuz, Langileen Batasun Orokorra (UGT) sindikatua sortu zuten. PSOEren asmoa erakunde baketsua eta legezkoa antolatzea zen, hauteskundeetan eta joko politikoan parte hartzea, eta unea iristen zenean, agintea hartzeko indarkeriazko iraultza egitea. Bestalde, UGTk langileen bizi-baldintzak hobetzeko burgesiarekin negoziatzeko taktikari heldu zion. 1910ean Pablo Iglesias diputatu izendatu zuten. Hego Euskal Herrian, Bizkaialdean batez ere, euskal sozialismoaren sortzailea Facundo Perezagua izan zen, eta haren ondoren, 1914tik aurrera, Indalecio Prieto jarri zen buruzagi.

Marxismoa

Marxen ustez, historia beti bi klase sozialen (jabeak eta besteak) arteko borroka izan da, eta hiru etapa bereizten zituen:

  • Esklabutza: Jabeak eta esklaboak.
  • Feudalismoa: Nobleak eta jopuak.
  • Kapitalismoa: Burgesia eta proletalgoa. Helburua: Komunismoa (borroka bidez lortuko dena): ez da egongo klase-borrokarik eta horretarako jabetza kendu behar da.

Sozialismoa, Anarkismoa eta Marxismoa langile-mugimenduak ziren. Espainiako langileek arazo ugari zituzten, eta ondorioz sindikatuetan elkartzen hasi ziren, eta haien egoera hobetzeko ekimenak egiten hasi ziren: grebak, etab.

Nazionalismoak

Euskal Nazionalismoa

1876an, Gerra Karlistaren ondoren, foruak abolitu izanaren ondorioz sortu zen, abolizioaren aurkako erantzun gisa. Liberalismoaren aurka zegoen, politikan, euskal identitate historikoaren zeinuei erasotzen zielako, eta, ekonomian, industria-garapenaren alde egiten zuenez, kanpotarrak erakartzen zituelako. Euskal Nazionalismoaren pentsamendua Sabino Aranak artikulatu zuen, eta Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zen 1895ean. Honek ezkutuan jardun behar izan zuen 1898ra arte. Euskal Nazionalismoak Katalanismoak baino oihartzun txikiagoa izan zuen, baina herritarrekin lotura estua izan zuen. 1893an Sabino Aranak lehenengo testu nazionalistak idatzi zituen. 1903tik aurrera, Sabino Arana hil zelarik, joera autonomistaren eta joera independentistaren arteko eztabaida sortu zen. Sindikatu bat sortu zuten, Euskal Langileen Alkartasuna (ELA), eta EAJ sendotu egin zen. Bitartean, Karlismoa zen oraindik Euskal Herriko indar politikorik garrantzitsuena.

Erregimenaren bilakaera

Alfontso XII.aren erregealdia

Alderdi Kontserbadorearen gobernua

1875 eta 1881 bitartean, Cánovasek Penintsulako iparraldean karlistekin eta Kuban independentistekin bakea lortzeko proiektua jarri zuen abian. 1878an, Zanjongo Bakean, Espainiak autonomia-erregimena eman zion Kubari. Baina gatazka ez zen konpondu, eta 1895ean berrindartu egin zen, Estatu Batuen laguntzarekin.

Alderdi Liberalaren gobernua

1881ean, txandakatze politikoa hasi zen, eta Alderdi Liberalari egokitu zitzaion boterea. Sagastak proiektu erreformistak proposatu zituen, eta gizabanakoaren oinarrizko askatasun-eskubideak ezarri nahi zituen. Baina hau ez zen gauzatu 1884an kontserbadoreek boterea berreskuratu baitzuten.

Egoera politikoa Euskal Herrian

Garrantzitsuena kontzertu ekonomikoak ziren, eta honek abantaila asko zekarren. Gaur egun ere badaude. Aldundiek zergak kobratzen dituzte, eta horien zati bat Madrilgo gobernuari ematen diote (kupoak). Foruetatik datorren gauza bakarra da. Diru publikoa industrian inbertitzen zuten.

Maria Kristina erreginordearen agintaldia

Alfontso XII.a hilda, 1885eko azaroan, erreginorde bihurtu zen bere emazte Maria Kristina. Cánovasek eta Sagastak txandakatze politikoari jarraipena ematea hitzartu zuten.

Gobernu Liberalaren jarduerak

1885 eta 1890 bitartean, Sagastak eskuratu zuen berriro ere gobernua. Ezaugarriak erreformismo liberala eta 1868ko Iraultzako zenbait ideia abian jartzea izan ziren. Askatasunak zabaldu zituzten, zenbait legeren bidez: Elkarteen Legea (legeztatu egin ziren langileen erakundeak), epaimahai bidezko epaiketa ezarri zen; eta 1890ean, gizonezkoei sufragio unibertsala aitortu zitzaien.

1898ko Krisia

Kolonietako gerrak

Garai hartan, potentzia handiak zabalkunde inperialistan buru-belarri murgilduta zebiltzan, Afrikako eta Asiako lurrak nork eskuratuko zituen. Espainiak 1895erako Puerto Rico, Filipinak eta Kuba zituen soilik. Berrezarkuntza garaian, Estatu Batuek Kubarekiko zituzten interesak piztu egin ziren (azukrea eta meategiak). 1895ean independentzia gerra hasi zen Martik zuzenduta. Espainia gelditzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. 1897an, aldaketak izan ziren: Cánovas hil eta AEBetako presidentea aldatu egin zen (McKinley). Ordurako Kubako independentistek harremanak zituzten iparramerikarrekin. Sagastaren gobernuan, Hearst eta Pulitzerren prentsa-kanpainek iritzi publikoa espainiarren aurka jarri zuten. 1898an, Maine korazatua (AEB) lehertu egin zen, eta ondorioz, Karibean eta Filipinetan gerra deklaratu zen. Hiru porroten ondorioz, Pariseko Bakea sinatu zen. Bake-hitzarmenean, Espainiak Kubari uko egin eta Filipinak, Puerto Rico eta Guam emateaz gain, akordioan aipatu gabeko lurralde guztien gain Espainiak subiranotasuna zuela baieztatzen zuen.

Mende amaierako krisia

Kolonietako porrota oso latza izan zen espainiarrentzat, pesimismo garaia ekarri zuen eta gutxiagotasunezko sentimendua sortu zien herritarrei. Kritika honek eragin handia izan zuen erregenerazionismoaren aldeko mugimenduan.

Erregenerazionismoa

Kritika gogorra egin zion Berrezarkuntzaren sistemari eta sistema liberala eraberritzea proposatzen zuen; jauntxokeria, analfabetismoa, gutxiengoek zuzendutako gobernua eta lur-jabe handien menpeko nekazaritza-ustiategiak deuseztuz.

98ko Belaunaldia

Belaunaldi honetan pesimismoa nagusitu zen batez ere. Belaunaldi hau XX. mendearen lehenengo urteetan sortu zen. Miguel de Unamuno, Azorín, Pío Baroja, Maeztu, Blasco Ibáñez eta Ignacio Zuloaga nabarmendu ziren. Espainia ilunaren kritikan jarri zuten arreta; eta modernizazio sozialaren, politikoaren, ekonomikoaren eta kulturaren beharra sentitzen zuten.