Frankismoaren Ezaugarriak, Legeak eta Bilakaera (1939-1975)

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 6,19 KB

Frankismoaren Oinarriak eta Ezaugarri Nagusiak

Frankismoak, Francisco Francoren diktadurak (1939-1975), ezaugarri bereizgarri batzuk izan zituen:

  • Oinarri Katolikoa: Frankok Eliza Katolikoaren arauak bereganatu eta lege bihurtu zituen.
  • Antolaketa Hierarkikoa: Estatua kuartel militar baten antzera antolatu zuen, obedientzia itsuan oinarrituta.
  • Nazionalismo Zentralista: Nazionalismo espainola ideia frankisten funtsezko elementua izan zen, mobilizaziorako tresna gisa erabilia, bereziki nazioarteko isolamenduaren garaian. Nazionalismoa eta zentralismoa uztartu zituen, estatu banaezina sortuz, hizkuntza, ohitura eta erlijio bakarra inposatuz, batasun nazionalaren izenean.
  • Nazional Sindikalismoa eta Sindikatu Bertikala: Ekonomia korporazioetan antolatu zen. Praktikan, frankismoa kapitalista izan zen, baina bere ideal sozioekonomikoa jabetzaren printzipio liberalen eta faxismoaren kontrol sindikal, laboral eta politikoen arteko nahasketa zen. Alderdi bakarra ezarri zuen, Falange Española Tradicionalista y de las JONS; hala ere, funtzionarioek bakarrik izan behar zuten nahitaez alderdikoak.

Gizarte Oinarriak

Zapalkuntzak eta eguneroko propagandak erregimen frankistaren iraupena erraztu zuten, baina erakunde eta gizarte sektore batzuen laguntzarik gabe ez zuen hainbeste iraungo. Frankismoaren hiru oinarri nagusiak Falangea, Eliza eta Armada izan ziren:

  • Falangea: Franko ez zen benetako falangista, baina falangismoa trebeki erabili zuen bere onurarako.
  • Eliza: Estatua eta Eliza ezin ziren banandu. Elizak ezinbesteko legitimitate morala eman zion Frankori. Eliza espainolak beste edozein erakundek desiratuko lukeen guztia izan zuen: ongizate ekonomikoa, benetako gizarte-agintea, balizko aurkarien kontrol zorrotza eta erlijio-praktikarako eta doktrina hedatzeko erraztasun itzela.
  • Armada: Militarrek botere handia izan zuten gobernuan. Armadak beti izan zuen eragina diktadorearengan. Francoren ondoan beti egon ziren berarekin ibilitako militarrak; horiek, gobernuan eginkizunak edukitzeaz gain, Francori aholkuak ematen zizkioten ministroak izendatzeko orduan. Frankok ez zuen ezer egin militarren arazoak konpontzeko, baina haien leialtasuna izan zuen beti.

Estatu frankistak, iraun zuen bitartean, altxamendu militarraren aldeko gizarte taldeen laguntza ere izan zuen: lur-jabe handiak, industria-enpresaburuak, finantzariak, probintzietako burgesia txikia eta Espainia iparraldeko eta erdialdeko nekazari katolikoak. Hazkunde ekonomikoaren ondorioz, erdiko klase ugaria sortu zen 60ko hamarkadan. Langile klase berri batek frankismoaren jarduketa ekonomikoarekin identifikatu zuen bere aurrerakuntza: lankide apolitikoak ziren, "esker oneko sabelak". Industriaren protekzionismo ofizialak Katalunian eta EAEn aberasturiko burgesia txikiak pozik zeuden frankismoarekin. Erregimenaren iraupen luzerako lagungarrienak zapalkuntza eta kontzientzia politikorik eza izan ziren.

Frankismoaren Zazpi Lege Nagusiak

Frankismoak zazpi lege nagusi ezarri zituen bere egitura juridikoa finkatzeko:

  • Lanaren Forua: Derrigorrezko sindikatu bakarra ezarri zuen, sindikatu bertikala, Falangearen esku utzita.
  • Gorteak Eratzeko Legea: Europan sartzeko eratu zen, 500 prokuradorez osatuta.
  • Espainolen Forua: Itxurazko eskubide aldarrikapena besterik ez zen izan. Sistema politiko eta konfesionala proposatzen zuen; eskubideak mugatuta zeuden eta erregimenaren aldekoek soilik erabil zitzaketen.
  • Erreferendumaren Legea: Sufragio unibertsala zegoela erakustea zuen helburu. Honen bidez, espainolek plebiszitu nazionala egiteko eskubidea zuten, baldin eta Francok hala erabakitzen bazuen.
  • Ondorengotzaren Legea: Honen arabera, Espainia erresuma zen, bere tradizio monarkikoa kontuan hartuta. Franco, berriz, Estatuko biziarteko buruzagia zen, eta ondorengoa izendatzeko eskubidea zuen.
  • Mugimenduaren Legea: Alderdi bakarra zegoela ezartzen zuen, Falange Española Tradicionalista (FET).
  • Lege Organikoa: Lege honen bidez, estatuburu eta gobernuburu karguak banandu zituen, baina 1973. urtera arte ez zen bereizi.

Frankismoaren Bilakaera: Lau Epe Nagusiak

Frankismoak lau epe nagusi izan zituen bere bilakaeran:

  • 40ko Hamarkada: Espainiak isolamendu politikoa jasan zuen, eta horregatik Plan Marshall-etik kanpo geratu zen. Gerraren ondorioz, ekonomia egoera txarrean zegoen, sektore gehienetan suntsipen handiak jasan baitziren, zentral elektrikoak, trenbideak... Industria sektorean suntsipena txikiagoa izan zen. Gose handiko hamarkada izan zen, eta demografia hazi egin zen. Sendagai faltagatik gaixotasun asko egon ziren. Autarkiaren (buruaskitasunaren) ondorioz, Espainiaren hazkundea txikia izan zen. Txabolismoa agertu zen Espainia osoan zehar. Oposizioa oso urria izan zen (makisak). Zapalkuntzaren beldurrak eta lan egin beharrak erregimenarekiko atxikipen interesatua sortu zuen; hori sektore ugarira heldu zen eta salaketa- eta mendekatze-sistema polizialean euskarritu zen. Ez salatzeagatik ere zigorrak ezartzen ziren, eta horrek egoera larritu egin zuen.
  • 50eko Hamarkada: Isolamendua amaitu zen, Estatu Batuen laguntzari esker (Gerra Hotzaren testuinguruan, Espainia estrategikoa zen Amerikarentzat). Autarkiaren amaiera eta Egonkortze Plana etorri ziren. Oposizioa sortu zen (grebak...).
  • 60ko Hamarkada: Egonkortze Planaren ondorioz, garapen ekonomiko handia egon zen, industriaren laguntzarekin. Oposizioa garatu zen: erdi mailako klasea, langile eta unibertsitate mugimendua, eta mugimendu nazionalistak (ETA). Politikoki, immobilismoa nagusitu zen.
  • 70eko Hamarkadako Lehen Bost Urteak: Petrolioaren krisia heldu zen. Salbuespen egoera ezarri zen, hau da, ez zegoen legerik inorentzat. Juan Carlos I.a oinordeko izendatu zuten estatuburu gisa. Franko 1975ean hil zen, baina frankismoak 1976ra arte iraun zuen, erreforma politikoa onartu zen arte.