Euskal Herriko Industrializazioa: Garapena eta Gizarte Aldaketak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 7,93 KB
Euskal Herriko Industrializazioaren Hastapenak
Berrezarkuntza garaian, bai Espainian, baita Euskal Herrian ere, nahiko berandu hasi zen industrializazioa. Hala ere, estatuaren barruan, gehien industrializatu zen lurraldea Euskal Herria izan zen, Kataluniarekin batera. Batez ere Bizkaia izan zen industria-iraultzaren protagonista, bertako burdin erauzketei esker hasierako garapen ekonomikoa ia erabat monopolizatu baitzen. Siderurgia izan zen Bizkaiaren ahalmen ekonomikoa oinarritu zuen industria mota, eta lurralde horretatik gainerako eskualdeetara hedatu zen, Gipuzkoara bereziki.
Bi Eredu Desberdin: Bizkaia eta Gipuzkoa
Bi industrializazio ereduak desberdinak izan ziren. Lehenengoan, Bilbo izan zen aitzindaria eta enpresa oso handiak, siderurgikoak batez ere, izan ziren motor nagusiak. Bigarrenean, Gipuzkoan, industrializazio prozesua probintzia osora hedatu zen, eta askotariko produktuak landu ziren enpresa txiki eta ertainetan.
Meatzaritzatik Siderurgiara
XIX. mendearen bukaera izan zen industrializazio prozesu horren abiapuntua. Une horretara arte, Bizkaiko meategien zeregina lehengai minerala esportatzera mugatzen zen; esan genezake, nolabait, Europako herrialde industrializatuentzako lehengai-iturri gisa tratatua zela. Une horretatik aurrera, ordea, bertako siderurgia-industria bultzatu zen, probintziaren garapen kapitalistari hasiera emanez. Molde berriko burgesia, meategien jabeak batez ere, izan zen fenomenoaren protagonista nagusia.
Garapen Ekonomikoaren Gakoak
Industrializazioarekin batera, prozesurako ezinbestekoak diren beste zerbitzu batzuk sortu eta garatu ziren:
- Banketxeak eta Burtsa: 1891n Merkataritzako Banketxea eta Bilboko Burtsa fundatu ziren, mozkinak inbertsioetara bideratzeko.
- Garraioa: Trenbide-sarea hedatu zen eta Bilboko kanpoko portua eraiki zen.
- Hezkuntza: Deustuko Jesuiten Unibertsitatea lanean hasi zen, elite berriak prestatzeko.
Hazkunde Garaiak eta Kanpo Faktoreak
1889-1901 arteko tartea hazkunde handikoa izan zen, enpresa garrantzitsuen sorrerarekin (Bizkaiko Labe Garaiak eta Nerbioiko Ontziolak). Euskal inbertsioak Penintsula osora zabaldu ziren, estatuko merkatuan eta espainiar enpresarien artean lidergoa eta hegemonia errotuz.
1891tik aurrera, Espainiaren politika ekonomikoak aurrerapauso horiek bultzatu zituen, batez ere protekzionismoari esker. Politika horrek Estatuko merkatua atzerriko lehiari itxi zion, eta horrek euskal enpresei barne-merkatuan konpetentzia gutxirekin jarduteko aukera eman zien.
XX. mendean sartuta, 1914-1918 garaia berriz ere garapen handiko unea izan zen. Espainiaren neutraltasuna Lehen Mundu Gerran faktore erabakigarria izan zen, esportazioak asko handitu baitziren.
Industrializazioaren Gizarte Ondorio Sakonak
XIX. eta XX. mendeen arteko tarte horretan, Bizkaia batez ere, eta Euskal Herria, orokorrean, gizarte nekazari eta tradizionala izatetik gizarte moderno eta industrializatu izatera igaro zen. Horrek gizartean aldaketa sakonak eragin zituen.
Gizarte Egitura Berria: Oligarkia eta Langileria
Industria-prozesu honek oihartzun handia izan zuen gizartean. Urte horietan, langile berrien beharra asko handitu zen eta, era berean, finantza-ahalmen handiko oligarkia bat sortu zuen. Bi talde horien arteko desberdintasunak Nerbioi ibaiaren bi ertzetan islatu ziren fisikoki:
- Eskuinaldean: Enpresaburu aberatsen jauregiak eta etxe dotoreak.
- Ezkerraldean: Lantokietatik hurbil, industriako langileen bizitoki-auzo handiak.
Immigrazioa eta Langileen Bizi Baldintzak
Fenomeno horrekin batera, eta langile-behar handia zela eta, Euskal Herria immigrazio-lurralde bilakatu zen. Espainiako beste lurraldeetatik pertsona ugari etorri ziren lan eta bizitza-baldintza hobeagoen bila. Kanpotar langileak bereziki Bizkaira iritsi ziren, eta bertan bestelako kultura batekin egin zuten topo: hizkuntza desberdina entzuten hasi ziren, eta hori guztia integratzeko oztopo gertatu zitzaien. Etorkinak eta bertako euskaldunak, gehienak behintzat, ez ziren ideologia, erlijio eta etnia-ezaugarri berekoak.
Bestalde, bizimodu gogorra zuten meategien barruan eta kanpoan: soldata kaskarrak, gaixotasunak eta heriotza-tasa altua. Horrenbestez, sozialismoari eta anarkismoari atxiki zitzaizkion, klase-borrokari, alegia.
Mugimendu Berrien Sorrera
Gizarte, kultura eta ohitura aldaketa sakonek erreakzio-prozesuak bultzatu zituzten, esanguratsuenak euskal nazionalismoaren sorrera eta lehen langile-mugimenduak izanik. Euskadi ezker-indarren gune garrantzitsu bilakatuko da urte horietatik aurrera, industrializazio-prozesuak bultzatutako egoera izanik. Europa aldeko langile-mugimendua indartzen eta ideia sozialistak zabaltzen hasi ziren euskal industrialdeetan.
Enpresarien gehiegikeriek umeei eta emakumeei ere eragin zieten. Lantegietan aritzen ziren lanean, eta haien arteko heriotza-tasa gizonezkoena baino altuagoa zen. Emakumeek, Dolores Ibarruri “Pasionaria”-k adibidez, gero eta parte-hartze handiagoa izan zuten langileen borroketan. Bestalde, XIX. mendean hasitako mugimendu sufragistak lanean ari baziren ere, eskubide-berdintasuna oso poliki eta nekez lortu zen. Espainiako Estatuan, esate baterako, 1931 arte ez zitzaion emakumeari boto-eskubidea onartu.
Testuinguru Politiko eta Soziala
1875-1923 arteko epean, beraz, Euskadin sistema kapitalista eta burgesa finkatu eta garatu ziren, baina haiekin batera baita proletarioen aldeko mugimendua ere, sistemaren antagonista zena. Urte haiek negozio industrialak egiteko oso onak izan ziren, baita lurjabeek laboreari etekina ateratzeko ere. Espainian agintean zegoen gobernua harroputza eta ustela zen, eta haren inguruan burges handiek eta jauntxoek mozkin ederrak lortu zituzten.
Foruen Amaiera eta Ondorioak
1876ko Konstituzioak bi ondorio nagusi izan zituen: batetik, Foruak desagerrarazi zituen, eta bestetik, Erregimen Zaharreko gizarte estamentala eta nekazaritza tradizionala irauli zituen. Euskal Herri barruan une hartan sortzen ari zen gizarte berrian giza eta ekonomia aldaketa sakonak eta ordu arte inoiz ezagutu gabeko hazkunde demografikoa gertatu ziren, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. Industrialde berriek eta immigrazio-uholdeek goitik behera aldatu zuten euskal lurraldeetako ordura arteko bizimodua, kultura barne.
XX. Mendeko Euskal Gizartearen Egituraketa
Lastertasun osoan industrializatutako hiri haietan, beren egoera hobetzeko gogor saiatu ziren langileak: sindikatuak antolatu, alderdi politikoetan sartu eta gizarte demokratikoagoa eskatu zuten, eta inoiz edo behin jarrera iraultzaile bateratua erakutsi zuten.
Bilbon eta inguruetan herri-ekimen asko eta garrantzitsuak jarri ziren abian. Bilboko burgesia txikian erein eta ernatu zen, hasiera-hasieran, euskal nazionalismoa. Gipuzkoako eskualde batzuetan XX. mendean hasi zen gizarte industriala gailentzen. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan egitura zaharrak iraun zuen, eta XX. mende aldera baino ez ziren industrializatzen hasi.
1925. urte aldera, euskal gizartea talde hauetan zegoen zatituta: burgesak, sozialistak, komunistak, errepublikanoak, abertzaleak… Talde horien zatiketarekin batera, nekazarien zailtasunak areagotu ziren, haien bizimodua okertzen zihoan bitartean. Nekazaritzan ari zen jendea urritzen hasi zen XIX. mendearen bukaeratik: batzuk industria-guneetara joan ziren, eta beste batzuk Ameriketara. XX. mendearekin zertxobait hobetu zen egoera, baina egia da gizarte tradizionala ordurako desagertua zela, garai berrien poderioz.
XX. mendean zehar, zailtasun eta krisi handiekin, baina Euskadiko industria garatu eta zabaldu egin zen, Espainiako lurralderik industrializatuenetako bat izaten jarraituz eta lurraldeari aberastasuna ekarriz.