Euskal Prosaren eta Deskribapenaren Gida: Ezaugarriak eta Historia
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 6,46 KB
Deskribapena: Ezaugarriak eta Motak
Deskribapena objektu, pertsona, leku, egoera, sentimendu, prozesu eta abarren nolakotasuna adierazteari deitzen diogu. Adierazpen hau hitzez edota irudien bitartez egin daiteke.
Zenbaitetan deskribapen soilak osatzen du testu bat (hiztegi entziklopedikoetako definizioak, kasu), baina gehienetan beste testuen zati izan ohi da. Horregatik, era anitzetako testuetan egingo dugu topo deskribapenekin: eleberrietan, poesian, iragarkietan, erreportaietan, abestietan, elkarrizketetan... Haatik, igorleak erabaki behar du testu bakoitzean zein une, pertsona, pentsamendu, objektu edo sentimendu deskribatu nahi duen, lortu nahi duen helburuaren arabera.
Errealitate bat eta bera izan arren, gutako bakoitzaren ikuspuntua, munduaren ezagutza, egoera, ideologia... desberdina da; beraz, errealitate hori oso era desberdinean ikusten dugu. Horrez gain, egoera komunikatiboak eta asmo komunikatiboak guztiz baldintzatuko dute deskribapena (norentzako den, zertarako...).
Deskribapen Testu Motak
Egoera eta asmo komunikatiboaren arabera deskribapena desberdina izango da.
- Objektiboetan ahalik eta modu zehatzenean ematen da errealitatearen berri; igorlearen ikuspuntua alde batera utzita. Kasu hauetan deskribapenaren helburua informatzea da.
- Subjektiboetan, igorlearen ustea, iritzia, jarrera... ageri da. Igorleak nahi duena, interesatzen zaiona agertzen du errealitate horri buruz, lortu nahi duen helburuaren arabera. Bere ikuspegi propiotik deskribatzen du, hartzaileari zer helarazi nahi dion aintzat hartuz. Adjektibo anitz erabili ohi da objektiboetan baino gehiago.
Deskribapenak estatikoak edo mugikorrak izan daitezke. Askotan, ordea, nahastuta aurkituko ditugu testu berean batzuk eta besteak.
Deskribapen Testuen Ezaugarri Linguistikoak
Maila Morfosintaktikoan
- Erlatibozko esaldiak ugari erabiltzen dira deskribapenak egiteko. Hauen bitartez deskribagaia identifikatu eta definitu egiten da. Erlatibozko esaldiak egiteko modu bat baino gehiago erabili da (aditz jokatuak/jokatugabeak).
- Adjektiboak: Adjektibazioak garrantzi handia du; askotan deskribagaiaren ezaugarriak edo osagaiak zerrendatu egiten ditugu, ordena logiko bati jarraituz. Hainbat kasutan, berriz, adjektiboen zerrenda soila izan ohi da deskribapena.
- Aditzondoak: Nolakotasuna adierazteaz gain, "Nola?" galderari erantzunez ere deskribatzen dira egoerak, sentimenduak...
- Azpimagarrienak erlatibozko esaldiak badira ere, moduzkoak eta konparaziozkoak ere sarri ikusiko ditugu.
Maila Lexiko-Semantikoan
- Testuari kohesioa emateko hainbat baliabide erabiltzen dira: ordezkapena, elipsia...
- Baliabide erretorikoen artean metafora da gehien erabiliena.
Euskal Prosagintza Literarioaren Hastapenak
Duela ehun eta berrogeita hamar bat urtera arteko euskarazko liburugintza ia erabat erlijiosoa izan zen. Hitz lauzko alorrean, Europako literatura nagusietan XIX. mendean zehar aparteko garrantzia eduki zuen eleberrigintzak.
Prosa ez-erlijiosoaren eremuan, ez ziren gure artean ahalegin bakan batzuk baino gauzatu; Joan Batista Elizabururen “Piarres Adam” zen kontakizun laburra.
Resurreccion Maria Azkuek “Bein da betiko” eta “Argi galdua” inprimarazi zituen. Baina Agirre bizkaitarra izan zen, batez ere, euskaraz idatzitako eleberrien maila literarioa hobetu eta jaso zuena.
Txomin Agirre
Ondarroan jaioa genuen Txomin Agirre. Azkueren ikaskide eta adiskide izan zen, eta hura bezala abade. Hiru eleberri utzi zizkigun: Auñemendiko lorea, Kresala eta Garoa. Bizkaieraz idatzita daude lehenengo biak eta gipuzkeraz hirugarrena.
Auñemendiko lorea eleberri historikoaren argumentua VII. mendean kokatzen da, Euskal Herria kristautzen hasi zen garaian. Kresalarekin, ostera, oihartzuna eleberriaren ildotik abiatzen zaigu Agirre. Garoa, azkenik, euskal nekazaritza eta artzaintzari eskainitako eleberria dugu: ia obra guztia Zabaletako Joanes artzain-baserritarrak betetzen du.
Eliz liburuetatik kanpora euskarak ez zuen ordura arte prosaz horrelako oparotasun eta edertasunik ezagutu. Gehiegizkoa ere bai batzuetan, gaur egungo gusturako.
Egilearen pentsakera kristau eta elizkoiak sakon baldintzatzen du obra guztiaren nondik norakoa: herri txikiak, baserriak, mendiak dira ekandu honen gordeleku; hiriak kutsaturik daude, han pilatzen zaizkigu bizio eta gaiztakeria handienak; industriak zikinkeria eta ohitura onen galera besterik ez dakarkigu. Gehienetan kontraste gutxi ageri da, ia dena baita zuri-beltzez; bi munduon arteko zubigintzak ezinezkoa dela ematen du.
Agirreren eleberriekin bateratsu plazaratu ziren Jose Manuel Etxeitaren bi eleberri ere: “Josetxo” eta “Jaioterri maitia”. Idazle mundakar honek, urte askotan itsasoko kapitain lanetan aritu ondoren, Mundakara itzuli eta gero, zahartzaro aldera ekin zion euskaraz idazteari, edota argitaratzeari bederen. Bizkaieraz taxututako eleberriak ditugu; erraz samarrak, aparteko korapilorik gabekoak, baina atseginez irakurtzen direnak.
Bigarren Errepublikaren Garaiko Eleberrigintza
Primo de Riveraren diktadura garaian lehortea izan genuen euskal letretan; haatik, narratibak ez zuen horrelako mailarik lortu. Euskara eta literatura suspertu eta goratzeko, poesiari eman zioten lehentasuna nonbait. Baina ez zen hori, agian, arrazoi bakarra: sasoi hartan nagusitu zen idazkera garbizalea olerkietarako baliagarria zen, baina ezin zitekeen egokia izan prosa modernoa moldatzeko.
Ebaristo Bustintza “Kirikiño” XX. mendeko lehen hamarkadetan autorerik irakurrienetakoa izan zen. Hainbat aldizkaritarako eta, batik bat, EUZKADI egunkarirako artikulu labur, arin eta biziak antolatu zituen, euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzeko asmoz. Lan horietako batzuekin “Abarrak” izeneko bilduma egin zuen (umorezko artikuluak idazten zituen).
Beste ipuinlari bat Pedro Miguel Urruzuno elgoibartarra izan genuen. Herri literaturatik gertu samar dauden istorio eta pasadizoak kontagai, “Kirikiño”k baino euskara errazagoa eta ez hain garbizalean taxutuak. Autore honen “Ipuinak” izeneko hautaketa agertu zen liburu gisa.