Ezagutza Zientifikoa: Sorkuntza, Ezaugarriak eta Ondorioak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,98 KB

Zientziaren Sorkuntza eta Iraultza Zientifikoa

K.a. VI. mendean, Grezian, unibertsoaren sorrerari, osaerari eta halako auziei heltzeko modu berri bat sortu zen. Hala, errealitatearen inguruko jarrera kritiko eta jakin-minezko beretik sortu ziren zientzia eta filosofia eta, hasieran, diziplina bereizezinak ziren.

Geroago, zientzia filosofiatik banatu zen, eta bere metodoak erabiltzen hasi zen. Arrazoi horrengatik esaten zaio garai hari Iraultza Zientifikoaren garaia: XVI. eta XVII. mendeak hartzen ditu, eta protagonistak Kepler, Koperniko, Galileo eta Newton izan ziren, besteak beste. Izan ere, zientzia berri baterako oinarriak ezartzeaz gain, munduari buruz ordura arte zegoen irudia aldatu ere egin zuten.

Zientziaren Ezaugarri Nagusiak

Galileo Galilei jotzen dute lehen zientzialari modernotzat. Galileo, bere aurretik zientzian jardundakoei interesatutako auzi berberez arduratu zen (gorputzen higidura...), baina guztiz era desberdin eta iraultzaile batean jardun zuen. Jarduteko modu horrek bereizten du zientzia beste jakintza-mota batzuetatik, hala nola filosofiatik eta ezagutza arruntetik, eta bi ezaugarri hauekin laburbiltzen da:

Esperimentazioa

Galileok, bere metodo zientifiko berriarekin eta behaketari emandako garrantziarekin, ekarpen garrantzitsua egin zuen. Bazekien bere hipotesietako batzuk ezin zirela hauteman eguneroko bizitzan; horrenbestez, egoera ideal bat sortuta bakarrik egiaztatu ahalko zituztela. Horrela, esperimentuari esker, fenomenoa isolatu eta aldagai erabakigarriak bakarrik azter zitzakeen. Halaber, lehena izan zen azterketak egiteko tresnak erabiltzen; adibidez, teleskopioa. Galileok hasitako joera hori aurrerantzean geraezina izango zen zientzian.

Matematizazioa

Galileok argi eta garbi adierazi zuen naturak funtzio matematikoen bitartez azaldu daitezkeen jarraibide erregularrak dituela. Aurreko fisikarekin alderatuta, non dena elementuen ezkutuko nolakotasunarengatik eta naturalarengatik gertatzen zen, matematizazioa funtsezkoa gertatu zen zientzia berrian. Behaketei zehaztasun handiagoa erantsi zien kuantifikazioak, eta horri esker, hizkera arruntean ohikoak diren subjektibotasuna eta anbiguotasuna alde batera utzi ahal izango ziren.

Iraultza Zientifikoaren Ondorio Filosofikoak

Zientzian XVI. eta XVII. mendeetan izan zen aldaketari Iraultza edo aldaketa kopernikarra deitzen zaio.

Ondorioen Ezaugarriak

  • Sinpletasuna: Errealitate guztia lege gutxi batzuen bidez azaltzen zen.
  • Mekanizazioa: Newtonen mekanika berriak munduaren bestelako ikuspegi edo ideia bat sortu zuen: mundua makina perfektu bat balitz bezala ikusten zen, erloju-mekanismo baten pare.
  • Determinismoa: Zoririk ez dago. Informazio guztia bagenu eta lege fisiko guztiak bagenizki, edozein fenomeno segurtasun guztiarekin iragarri ahalko genuke.
  • Jainkoaren lekua kosmologian: Jainkoaren zeregina munduko makinaren eta haren legeen sortzaile eta diseinatzaile izatea baino ez zen. Jainkoak behin mundua sortuta, aurrerantzean ez du han parte hartzen.
  • Naturaren garrantzia: Jainkoak sortu zuenetik eta bere legeak eman zizkionetik, bere kabuz eboluzionatzen ari da.
  • Gizakiaren lekua kosmosean: Gizakia ohartzen da zoko ñimiño bat baino ez duela unibertso beharbada mugagabe batean.
  • Arrazoimenaren indarra: Gizakia ahaltsuago ere sentitzen da lege horietako batzuk ulertzea lortu duelako, eta badu esperantza unibertsoaren egitura eta legeak arrazoimenaren bitartez aurkitzeko.