Foruen Abolizioa (1876): Analisia eta Ondorioak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,53 KB
Foruak Indargabetzeko Lege Agindua (1876): Testuingurua eta Edukia
Foruak Indargabetzeko Lege Aginduaren sarrera eta artikuluak ditugu aztergai. 1876ko uztailaren 25ean argitaratu zen Gaceta de Madrid Estatuko aldizkari ofizialean. Dokumentu historiko, publiko, lehen mailako, politiko eta juridikoa da. Alfontso XII.a Espainiara itzuli zenean, Cánovas del Castillo izendatu zuen gobernuburu, eta honek 1876ko Konstituzioa prestatu zuen, monarkia parlamentario moderatua ezartzeko. Alderdi Kontserbadorea eratu zuen; bertako lider nagusia izan zen 1897an anarkista batek hil zuen arte.
Foruen Bilakaera Historikoa
Foru erabilera erkidegorako mesedegarria denean, lege balioa du eta idatziz jasotzen da. Antzinako Erregimenak bizimodu horri aldaketa handirik gabe eutsi zion, baina pixkanaka-pixkanaka forudun lurraldea txikiagotuz zihoan. Oin Berriko Dekretuaren ostean, Euskal Probintzietako foruak zeuden bakarrik indarrean. Hauen berezitasunak: zerga- eta soldadutza-salbuespena, berezko zuzenbide zibila…
Iraultza Liberala eta Foruen Krisia
Iraultza Liberalak Foruen krisia eragin zuen, berdintasun juridikoan, askatasun ekonomikoan, jabetza pribatuan eta sistema politiko parlamentarioan oinarritutako sistema ezarri nahi baitzuten liberal eta burgesek, eta burgesek Espainiako lurraldeekin merkatu-batasuna aldarrikatu zuten.
Karlistadak eta Foruen Defentsa
Karlistak absolutismoaren, foruen defentsaren, lurren jabetza tradizionalaren eta erlijio integrismoaren alde altxatu ziren 1833an, Lehen Gerra Karlistan, liberalismoaren printzipioen aurka. Bergarako Hitzarmenarekin amaitu zen (gobernu liberalek foruak errespetatu behar zituzten). 1839ko urriaren 25eko legeak euskal foruak berretsi zituen, monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe.
Nafarroako Lege Itundua (1841)
Nafarroan, 1841eko urriaren 16an, Lege Itundua lortu zen. Nafarroak foru-berezitasuna galdu eta probintzia bihurtu zen, zerga salbuespen eta legegintza eskumenik gabe, baina zuzenbide zibila eta autogobernu administratiboari eutsi zion.
Euskal Probintzietako Egoera
Euskal Probintzietan ez zen horrelako itunik lortu. Espartero nazioa bateratzen saiatu zen Foruak abolitzen zituen 1841eko urriaren 29ko dekretuaren bidez. Halere, Euskal Probintziek zerga- eta soldadutza-salbuespenari eutsi zioten.
1844an, moderatuek agintea berreskuratzean, galdutako foru-berezitasunak berreskuratu zituzten Euskal Probintzien altxamenduak saihesteko helburuarekin.
1868ko Iraultza eta Foruen Amaiera
1868ko Iraultzan, Savoiako Amadeo I.aren monarkia ezarri zen, eta honek porrot egitean, I. Errepublika. Karlismoak jarraitzaileak irabazi zituen, eta altxatu egin ziren Karlos VII.a monarkiarako hautagaia zela. 1874an, Saguntoko altxamenduaren eraginez, Alfontso XII.ak tronua eskuratu zuenean, karlistek katoliko eta kontserbadoreen laguntza galduz, gerra galdu zuten.
Euskal Foruen behin betiko abolizioa 1876an izandako porrotaren ostean eman zen, 1876ko uztailaren 21eko legearekin. Foru Aldundiak 1877an desegin ziren, desobedientzia zibilaren eraginez.
Ekonomia Ituna (1878)
Esparru juridiko, ekonomiko eta administratibo berria ezarri zen, Ekonomia Ituna (1878/02/28) izenekoa. Aldundiak finantza-autonomia lortu, eta kupoa (Estatuari urtero ordaindu beharreko diru-kopurua) ezarri zitzaion. Autonomia administratibo eta fiskala zuten diputazioek biltzen zuten kupoa zergen bidez. Soberakinak inbertsioak egiteko erabiltzen ziren.