Gabriel Aresti: Euskal literaturaren berritzailea

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,48 KB

Gabriel Aresti: bizitza eta ibilbidea

Gabriel Aresti Segurola Bilbon 1933an jaiotako idazle eta poeta euskalduna da. Euskal literaturaren berritzaile nagusietarikoa izan zen, bai formaren, bai edukien aldetik. 1960ko hamarkadan, garai harekin oso lotuta, poesia sozial eta kritikoa egin zuen, Euskal Herriaren egoera salatzeko.

Erdaraz hazi eta hezi zen baina, ahalegin handia eginez eta Francoren garaian euskara ikasteko zeuden zailtasunen gorabeherekin, bere burua euskalduntzea lortu zuen. Poesiaren alorrean ezagunagoa bada ere, beste genero batzuk landu zituen: antzerkia, ipuina edo nobela. 1957an Euskaltzaindiako langile izendatu zuten. Bilbon hil zen 1975eko ekainaren 5ean, gibeleko gaixotasun baten ondorioz. Bere lan nagusia edo ezagunena “Nire aitaren etxea” da.

“Gizonaren ahoa” eta gizarte-kritika

Arestik, bere hainbat lanetan gizartean egoten diren arazoak adierazten ditu, bai euskararen erabilpenarekin zerikusia dutenak, bai gizartean maiz egoten diren beste arazo batzuk ere. Kasu honetan, injustizia salatzen du “Gizonaren ahoa” deituriko poema honetan.

Garai hartan, herritarrek —euskaldunek batez ere— errepresio gogorrak jasan zituzten eta asko zigortuak izan ziren euskara erabiltzeagatik edota ama-hizkuntza euskara izateagatik. Nire ustez, Gabriel Arestik, berak bezalakoek eta euskara ikasi nahi zutenek jasan behar izan zituzten egoerak islatzen ditu. Pertsona baten zigorrik handiena bere ikuspuntua adierazten ez uztea dela esan nahi digu poema honen laguntzaz.

Estiloa eta egitura

Bera euskal literaturaren berritzaileetako bat zenez, egitura klasikoak atzean utzi zituen eta egitura gabeko poemak egiten hasi zen; horregatik, poema honek ez du egiturarik. Ez du ez errima ez neurririk, bere beste hainbat poemetan bezala.

Errimari erreparatzen badiogu, aldiz, ez dauka garbi ikusten den errimarik. Dituen errima gutxiak “ahoa” hitza bere osotasunean errepikatzen delako dira. Berdina gertatzen da “zazue” hitzarekin. Beraz, esan dezakegu poema hau guztiz irregularra dela eta ez diola inolako patroi edo jarraitasun bati jarraitzen.

Ondorioa

Poema hau irakurri ondoren, esan dezakegu duela urte gutxi egoera horretan zeudela: denok ez genuen iritzia emateko edota norberak maite zuen hizkuntzan hitz egiteko eskubiderik. Arestik poema honen bidez, bera eta garai hartako gainontzeko euskaldunak nola sentitu ziren erakusten digu.