Gerraurreko Euskal Poesia: Aitzol, Lizardi eta Lauaxeta

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,55 KB

Gerraurreko Olerkigintza: Aitzolen Mugimendua

Aitzolek bultzatutako kultur mugimendua izan zen, euskarari zegokion maila emateko sortua. Helburu nagusia euskal olerkigintza sustatzea zen. "Euskaltzaleak" elkartearen indarrari eta Aitzolen ekimenari esker, Olerki Eguna sortu zen.

Testuinguru historikoa

Mugimendua Hirugarren Gerra Karlistaren amaieratik (XIX. mendearen bigarren erdialdea) Espainiako Gerra Zibilera arte (XX. mendearen lehen erdialdea) garatu zen, gerra aurreko garaian.

Ezaugarri nagusiak

  • Kezka literario eta politikoa: Herritar guztiek ezagutuko zuten poema nazional bat sortzeko nahia zegoen, euskaltasuna eta abertzaletasuna pizteko helburuarekin.
  • Galera sentimendua: Gerra Karlisten ondoren foruak kentzeak eragindako sentimendua islatzen zuen.
  • Sustrai erromantikoak: Galtzen ari ziren ohituren nostalgia eta haiek berreskuratzeko nahia; subjektibotasun handia eta norberaren sentimenduen garrantzia; izadiaren gorespena (baserri eta itsas giroak) hiri-giroaren aurrean.
  • Euskararen gorespena: Hizkuntzari prestigioa ematea zen helburuetako bat, estilo herrikoi eta bertsolari huts-hutsetik aldenduz eta Europako poesiara hurbilduz.
  • Galdera existentzialak: Bizitzaren zentzuaz eta heriotzaren esperientziaz arduratzen ziren. Kristautasunarekiko zalantzak agertzen baziren ere, federa itzultzen ziren, salbamenerako bide bakartzat hartzen baitzuten.
  • Elitismoa: Kultura jasoa zuen gutxiengo bati zuzendutako poesia zen, nahiz eta asmo orokorra euskaldun guztiak adoretzea izan.

Poesiaren garaiak

XX. mendearen hasiera

Garai honetako poesiak baserri inguruko gaiak jorratzen zituen, gai sozialak alde batera utziz, herri abertzaletasunaren ildotik. Egile nagusiak honako hauek izan ziren: Aitzol, Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Loramendi, besteak beste.

Gerraondoko euskal poesia

Gerraren ostean, Gabriel Arestiren "Harri eta Herri" lanak ardatz berri bat ezarri zuen. Hiru etapa nagusi bereiz daitezke:

  1. Gerra aurrekoaren jarraipena (1945-1964)
  2. Poesia soziala edo protesta-poesia (1964-1968)
  3. Borroka armatua eta Burgosko prozesuaren garaia (1968-1975)

Xabier Lizardi (1896-1933)

Jose Maria Agirre, "Xabier Lizardi" izengoitiz ezaguna, Zarautzen jaio eta Tolosan bizi izan zen. Gerraurreko hamarkadako idazle nabarmenetakoa izan zen. Zuzenbidean lizentziatua, enpresa bateko gerente gisa lan egin zuen.

Lanak

  • Bizirik zela argitaratutako liburu bakarra: Biotz-begietan (1932).
  • Hil ondoren argitaratua, aurretik plazaratu gabeko olerkiekin: Umezurtz olerkiak (1934).

Idazkera

  • Estilo zehatz eta trinkoa: Elipsiz betetako idazkera zuen, garaiko asko txunditu zituena. Berrikuntza hori, ordea, ez zen denen gustukoa, askotan ulermena zailtzen baitzuen.
  • Izadiaren pertsonifikazioa: Izadiak garrantzi handia du bere lanetan, bizitza propioa balu bezala agertuz. Izadia sinbolo bihurtzen du, errealitatearen metafora gisa, sinbolismoaren eraginpean.
  • Hizkuntza: Neologismoak erabiltzen zituen eta bere poesiak ez zuen bertsoaren egitura tradizionala jarraitzen.

Lauaxeta (1905-1937)

Esteban Urkiaga, "Lauaxeta", Laukizen jaio zen, eta ezizena bere jaiotetxetik datorkio. "Eguna" egunkarian kazetari izan zen, harik eta Gerra Zibilean atxilotu eta fusilatu zuten arte.

Lanak

Bi olerki-liburu argitaratu zituen:

  • Bide barrijak (1931)
  • Arrats-Beran (1935)

Poesiaren ezaugarriak

  • Europako eragina: Bere poesia Europako ereduetan oinarritzen zen. Interes handia zuen hango joerak ezagutzeko, eta bertako kezka existentzialak transmititzen ahalegindu zen. Alde horretatik, garaiko poeta "modernoena" dela esan daiteke.
  • Sinbolismoa eta izadia: Sinbolismoaren eragina nabarmena da bere poesian, eta izadiak garrantzi handia du, edertasunaren adierazpen gisa. Lizardirenak baino bizitasun eta indar handiagoa erakusten duela esan ohi da.
  • Ulermen-zailtasuna: Ez da Lizardi baino ulerterrazagoa. Zailtasun horren jatorria Sabino Aranak proposatutako garbizaletasuna da, idazkera oso fonetizatua eta neologismoz josia erabiltzen baitzuen.