Giza Zirkulazio Sistema: Odola, Bihotza eta Odol Hodiak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,81 KB

Zirkulazio Sistema: Atal Nagusiak

Zirkulazio sistemak atal hauek ditu: ponpa (bihotza), odola eta odola garraiatzen duten hodiak (odol hodiak).

Odola

Odolaren Konposizioa

Odolak bi osagai ditu: plasma izeneko likidoa (%55) eta odol zelulak (%45).

Odol plasmak kolore horia du eta urez dago osatuta batez ere. Ur horretan substantzia asko daude disolbaturik.

Odol Zelulak

Odol zelulak hiru motatakoak izan daitezke:

  • Globulu gorriak, eritrozitoak edo hematiteak: Odoleko zelula ugarienak dira (1 mm3-an 5 milioi inguru daude). Zelula mota hauek nukleoa galdu dute eta pigmentu gorriz (hemoglobina) betetako zakutxo bihurtu dira.
  • Globulu zuriak edo leukozitoak: 1 mm3-an 8.000 inguru daude. Mota ezberdinetakoak daude eta nukleoa dute denek.
  • Plaketak edo tronbozitoak: Ez dira zelulak, zelula zatiak dira. 1 mm3-an 250.000 inguru daude.

Odolaren Funtzioak

Garraio Funtzioa

Odola garraio sistema eraginkorra da:

  • Substantzia solidoak garraiatzen ditu plasman disolbatuta (mantenugaiak eta hondakinak).
  • Arnasketako gasak garraiatzen ditu. Karbono dioxidoa uretan disolbatzen da eta oxigenoa hemoglobinan (globulu gorrietan) nahasten da.

Beste Funtzio Batzuk

  • Gorputzeko beroa banatzen eta orekatzen du.
  • Defentsa lana egiten du. Globulu zuriek organismoa gaixotasunen aurka defendatzen dute.
  • Hemorragiak kontrolatzen ditu. Plaketek odol hodiek sortutako hemorragiak gelditzen laguntzen dute.

Odol Gaixotasunak

Anemia

Sintoma nagusiak nekea eta bizitasuna galtzea dira. Zeluletara nahikoa oxigeno heltzen ez delako gertatzen da. Bi kausa izan ditzake: globulu gorrien kontzentrazioa txikia izatea edo oxigeno gutxi izatea hemoglobinan. Anemia ohikoena burdin falta edukitzea da.

Leuzemia

Hezur muineko zelulei erasotzen dien minbizia da. Leuzemiaren ondorioz, globulu zuriak ugaritzen dira, baina ezin dute borrokarik egin infekzioen aurka. Plaketak eta globulu gorriak ere murrizten dira.

Hemofilia

Herentziazko gaixotasuna da eta hemorragiak sortzen ditu, odolak koagulatzeko arazoak dituelako.

Odol Hodiak

Odola garraiatzen dute eta hiru mota daude: arteriak, zainak eta kapilarrak.

Zainak

Odola organoetatik bihotzera garraiatzen dute eta arteriek baino pareta meheagoak dituzte. Zainetan odola presio txikian doa.

Arteriak

Odola bihotzetik organoetara daramate. Pareta gogorrak eta elastikoak dituzte.

Kapilarrak

Oso diametro txikiko hodiak dira; organoen barruan sare korapilatsuak osatzen dituzte, bi zirkulazio bideak lotzeko: arteriena eta zainena.

Bihotza

Bihotzaren paretak miokardio izeneko ehunaz osaturik daude. Barrualdea hutsa da eta lau barrunbe ditu:

  • Bi aurikula: Goiko barrunbeak dira. Paretak finak dituzte eta erraz zabaltzen dira. Barrunbeetara odola iristen da.
  • Bi bentrikulu: Beheko barrunbeak dira. Paretak lodiagoak eta gogorragoak dituzte aurikulek baino. Bihotzeko odola bentrikuletatik irteten da, arterietan zehar.

Odol Zirkulazioa

Odolak bi ibilbide egiten ditu:

  • Biriketako ibilbidea edo ibilbide txikia: Odola birika-arterietan zehar eskuineko bentrikulutik irten eta biriketara doa. Han, gas-trukea gertatzen da albeolo eta kapilarren artean. Odolak oxigenoa jaso, karbono dioxidoa galdu, eta bihotzera itzultzen da ezkerreko aurikulara doazen zainetan.
  • Zirkulazio nagusia edo ibilbide handia: Odola aorta arterietan zehar ezkerreko bentrikulutik irten eta organo guztietara doa. Organoetan, odola kapilarretan zehar igarotzen da, organoak bere funtzioa egiteko oxigenoa eta mantenugaiak har ditzan, eta, aldi berean, organoan sortutako hondakinak jasotzeko. Organoetatik irtendako kapilarrak zainetan biltzen dira, eta zainek odola bihotzera itzultzen dute, eskuineko aurikulara.

Gaixotasun Kardiobaskularrak

Arteriosklerosia

Honen ondorioz, arteriak gogortu egiten dira gantz eta kolesterolaren eraginez. Plakak arteriaren zuloa gero eta estuagoa egiten du, eta pareta gero eta zimurtsuagoa eta gogorragoa bihurtzen da.

Miokardio Infartua

Koagulu batek arteria bat buxatzen badu, arteriak elikatzen zituen gihar-zelulak hil egiten dira, eta bihotzaren zati bat gelditzen da. Horregatik, miokardio infartua gertatzen da. Gaixoari laguntza medikoa zenbat eta azkarrago eman, aukera handiagoa izango du bizirauteko.