Nekazaritza: Faktore Fisikoak, Giza Faktoreak eta Merkatua
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Geografía
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,92 KB
Nekazaritza: Faktore Fisikoak eta Giza Faktoreak
Nekazaritza lurra lantzea da, giza eta animalia kontsumorako elikagaiak eta industriarako lehengaiak eskuratzeko.
Zenbait faktore fisikok eta giza faktorek eragina dute nekazaritzan.
Nekazaritzaren Faktore Fisikoak
Hiru dira nekazaritzan eragina duten faktore fisiko nagusiak:
- Klima. Landare bakoitzak tenperatura, eguzkialdi eta hezetasun jakin batzuk behar ditu hazi ahal izateko. Horregatik, klima-zona bakoitzean, labore batzuk hobeto hazten dira beste batzuk baino.
- Zenbait klima-faktorek nekazaritza oztopatzen dute. Laboreak ez dira hazten oso tenperatura altuko lekuetan, tenperatura baxukoetan edota oso euri gutxi edo euri gehiegi egiten badu.
- Erliebea. Altitudean igo ahala, tenperaturak behera egiten du; hori dela eta, zenbait espezie ez dira sortzen altitude jakin batetik gora. Batzuetan, nahiz eta neketsuagoa izan, mendietako hegaletan landatu behar izaten da. Horretarako, terrazak erabiltzen dira.
- Lurzorua. Landare bakoitzak ezaugarri jakineko lurzorua behar du. Lur-pikorrak eta lurraren porositatea nolakoak, lurraren oxigeno kantitatea eta ura atxikitzeko ahalmena halakoak.
Nekazaritzan Eragiten Duten Giza Faktoreak
Nekazaritza-ustiapenean eragina duten faktoreen artean, sei nabarmentzen dira:
- Biztanleriaren bolumena
- Nekazaritza-teknikak
- Ekoizpenaren helburua
- Globalizazioa
- Nekazaritza-politikak
- Ingurumen-politikak
Herrialde Garatuak: Merkatuko Nekazaritza
Herrialde garatuetan, Erresuma Batuan XVIII. mendean abiatutako nekazaritza-iraultzaren ondorioz, iraupeneko nekazaritzatik merkatuko nekazaritzara igaro zen; hau da, salmentara bideratutako nekazaritzara.
Nolakoa da Merkatuko Nekazaritza?
Ekoizpena salduz ahalik eta etekin handiena lortzea da merkatuko nekazaritzaren helburu nagusia. Horretarako zenbait bitarteko erabiltzen dira:
- Ekoizpenaren espezializazioa. Labore bakar bat hazten da nekazaritza-ustiategi bakoitzean.
- Landako lanen mekanizazioa. Giza lanaren zati handi bat makinek egiten dute, eta, horri esker, nekazaritza-lanak azkarrago egin daitezke, eta kostu txikiagoarekin.
- Laborantza-teknika modernoen aplikazioa. Honako hauek erabiltzen dira, besteak beste:
- Ongarriak erabiltzea, lurraren ahalmena areagotzeko eta urtean zenbait uzta jasotzeko.
- Errendimendu handiko haziak ereitea.
- Landare-osasunerako produktuak erabiltzea, landareen gaixotasunak prebenitzeko eta sendatzeko.
- Berotegietan edo lurzoru artifizialetan landatzea.
- Ureztapen-sistema modernoak erabiltzea.
Labore mota berriak ere sortu dira, genetikoki eraldatutakoak; transgenikoak, alegia.
Horretarako diru asko inbertitu behar da, baina, produktibitatea hobetu egiten duenez, kostuak kitatzeaz gain, etekin handiagoak lortzen dira.
Merkatuko Nekazaritzaren Eragina
Merkatuko nekazaritzak eragin handia du produktuen prezioetan, salerosketan eta banaketan:
- Produktibitatea handia izateak prezioak jaisteko aukera ematen du; hori dela eta, produktuak lehiakorragoak izango dira merkatuan.
- Leku jakin batzuetan produktu jakinak kantitate handitan ekoizten dituztenez, arinago merkaturatzeko aukera dago.
- Produktuak kantitate handitan ekoizten direnez, garraio bereziak erabil daitezke produktuak banatzeko.
Baina nekazaritza mota horrek baditu ondorio kaltegarriak ere:
- Ongarriek lurzorua eta urak kutsatzen dituzte, eta, jaten ditugun elikagaietan eragina izan dezakete, eta, horren ondorioz, baita gure osasunean ere.
- Estatu aberatsetako gobernuek bertako nekazariei diru-laguntzak ematen dizkietenez, herrialde pobreetako produktuek aukera gutxiago dute haiekin lehian aritzeko.