Platon eta Aristoteles: Filosofia Klasikoaren Oinarriak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,68 KB

Platonen Filosofia: Ongiaren Ideia

Platonen arabera, ongiaren ideia da ulertzen den azkena eta zailena. Hura ulertzen dugunean, gauza guztien edertasun eta zuzentasunaren oinarria dela konturatzen gara. Ongiak, mundu ikusgarrian argiak duen paper bera betetzen du mundu ulergarrian: egia eta ezagumena sortzen ditu. Beraz, norbaitek zentzuz jokatu nahi badu, bere bizitza pribatuan zein publikoan ongia ulertu behar du.

Gizakiaren Arima eta Bertutea

Platonen arabera, gizakia bi atal nagusiz osatuta dago: gorputza eta arima. Gorputza materiala eta hilkorra da, mundu sentikorraren parte; arima, berriz, ez-materiala eta hilezkorra, ideien mundutik etorria. Arima gorputzarekin bat egitean, bere jatorrizko ezagutzak ahaztu egiten ditu, eta horiek berreskuratzeko "anamnesia" deritzon oroimen prozesua behar da.

Platonek arimaren hiru zati bereizten ditu:

  • Arima irrikatsua: sabelean kokatzen da eta ugalketarekin eta biziraupenarekin lotuta dago.
  • Arima suminkorra: bihotzean dago eta ausardia edo koldarkeria bezalako pasioekin lotuta.
  • Arima arrazionala: buruan kokatzen da eta arrazoia eta nahimena kudeatzen ditu.

Platonen ustez, arima arrazionalak nagusi izan behar du, eta bertutea arimaren zati guztiak orekaz funtzionatzen dutenean lortzen da. Mito baten bidez, Platonek gizakia zaldi zuri eta beltz batek tiratutako gurdi hegadun batekin alderatzen du: zaldi zuriak arima suminkorra irudikatzen du, beltzak arima irrikatsua, eta gidariak arima arrazionala. Zuzentasuna, bai pertsonan bai gizartean, arimaren hiru zati horien arteko orekan datza.

Hiri Ideala eta Hezkuntzaren Garrantzia

Platonen arabera, hiriaren helburua gizakien zoriona bermatzea da, eta horretarako, hiria justua izan behar du. Hiri justua filosofoek gidatu behar dute, eta gizartea hiru taldetan banatzen da:

  • Ekoizleak
  • Zaintzaileak
  • Agintariak

Talde bakoitzak bere eginkizunak betetzen baditu, zuzentasuna eta harmonia lortuko dira. Platonen arabera, hezkuntza funtsezkoa da norberak zein taldean parte hartuko duen erabakitzeko. Hezkuntza bi mailatan ematen da:

  • Lehenengo mailan: soinketa eta musika.
  • Bigarren mailan: matematikak eta filosofia.

Azken mailara iristen direnek, "aristoi" izenekoek, gobernari onak izan behar dute. Gobernariek sendotasuna, zintzotasuna eta egia bilatzeko gaitasuna izan behar dute, eta 50 urterekin prest egon behar dute gobernatzeko. Platonek aristokrazia defendatzen du, bertute handikoen gobernua, eta tirania gobernu motarik txarrena dela dio. Demokrazia ez zuen onartzen, gobernu-lanetarako prestatuta ez daudenek gobernatzen dutelako. Hezkuntzak funtsezko eginkizuna du hiri idealean, gobernari prestatuak sortzeko.

Aristotelesen Filosofia: Platonen Kritika

Aristotelesek Platonen Ideien Teoriari kritika egin zion hilemorfismoaren bidez, eta horrek eragin handia izan zuen bere filosofiaren garapenean. Platonek ideia edo forma perfektuak errealitatearen oinarritzat hartzen zituen, eta mundu sentikorra horien kopia akastuntzat. Aristotelesek, ordea, ideiak eta objektu sentikorrak ezin zirela bereizi uste zuen. Haren arabera, ideiak edo formak ez zeuden mundu abstraktu batean, baizik eta objektu konkretuetan bertan. Horrek esan nahi du forma objektu bakoitzaren barnean dagoela eta ez aparteko mundu batean. Beraz, errealitatea eta forma lotuta daude, eta esperientzia praktikoari garrantzia ematen dio.

Hilemorfismoa, Potentzia eta Aktua

Aristotelesek substantziaren ideia berritu zuen hilemorfismoaren bidez, hau da, substantzia materia eta formaren bateratze gisa ulertzen du. Materia berez zehaztugabea da, baina forma da materia substantzia konkretu bihurtzen duena. Adibidez, buztin puska bat ez da ezer bere forma gabe; buztinak itxura bat hartzen duenean bihurtzen da zerbait konkretu.

Horrez gain, Aristotelesek potentzia eta aktua bereizi zituen: potentzia zerbait izan daitekeena da, eta aktua zerbait konkretu bihurtzen den unea. Munduko mugimendua azaltzeko, "lehen motor higiezina" kontzeptua garatu zuen, eta hori Jainkoa da, mundua mugiarazten duen entitate aldaezina.

Lau Kausen Teoria

Aristotelesek substantziak lau kausa behar dituela adierazi zuen:

  • Kausa materiala: materia.
  • Kausa formala: esentzia.
  • Kausa efektiboa: egilea.
  • Kausa finala: helburua.

Kausa horiek ulertzeak gauzen esentzia ezagutzea ahalbidetzen du, eta zientzia benetan ulertzeko oinarria da.