Platonen Haitzuloaren Alegoria: Kontzeptu Gakoak

Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,28 KB

Haitzuloa: Gizonak lurpeko leizean, egun-argiaren sarreran

Platonek bere dualismo metafisikoa azaltzeko erabiltzen duen sinbolo bat da esaldi honetan agertzen dena. Leizea zentzumenen mundua da (mundu hautemangarria), eta bertan bizi direnak gu gara, gizakiok, ideien mundua (mundu adigarria) ezagutu aurretik.

Sua (Suargia)

Ezagutza faltsua eta inperfektua da, zentzumenen munduan zentzumenen bidez lor dezakeguna. Suak suposizioek eta sinesmenek ematen diguten ezagutza mota sinbolizatzen du.

Itzalak

Benetako objektuen eta pertsonen irudiak dira. Platonen ustez, ez dira benetako errealitatea, baizik eta zentzumenen bidez lortzen dugun ezagutza faltsua. Irudimenean dauden irudiak dira.

"Beren lokarrietatik askatu"

Zentzumenen munduko plazer materialak alde batera uztea esan nahi du; norberaren ezjakintasuna onartu eta horretatik urruntzea.

Gatibua askatu eta argirantz begiratzera behartu

Esaldi honek goraldi dialektikoari egiten dio erreferentzia, hau da, benetako errealitatea (esentziak, ideiak…) ezagutzeko abiarazten den ikas-prozesuari (borondatez hasita edo beste batek/batzuek bultzatuta).

"Orain errealitatetik hurbilago dagoenez"

Zentzumenen mundutik (haitzulotik) atera ondoren, gora joatean gizakia benetako errealitatetik (hots, ideietatik) gero eta hurbilago egongo da, eta errealitatea den bezalakoa (hots, Ideien mundua) ezagutzeko aukera izango du.

"Arima eremu ulergarrira igotzea"

Platonen antropologia kontuan izanik, giza arimaren alderdi arrazionalaren funtzio nagusia ideien mundua ezagutzea da.

Ongiaren ideia: Ezagutu daitekeen eremuko gailurra

Ideien mundua arrazoimenaren bidez ezagutu ondoren, Platonen ustez ideiarik gorena Ongia da, hau da, ideien arteko hierarkian gailurra Ongiari dagokio. Gainera, Ongia zentzumenen munduaren kausa da, eta ideien munduan egia eta ezagutza ematen ditu, hau da, beste ideien euskarria edo oinarria da.

Ongiaren aplikazioa: Bizitza pertsonalean eta publikoan

Platonen ustez, haitzuloaren mitoan azaltzen den guztia (Ideien mundua benetako mundua dela, eta bertan soilik benetako ezagutza lor daitekeela) bizitza pertsonalean ("bere baitan") zein esparru publikoan ("herriaren aurrean") aplikatu behar da ("begietan eduki behar da").