Platon: Ideien Teoria, Gizakia eta Gizartea
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,07 KB
PLATON
Ideien Teoria
Platonek bi mundu bereizten ditu: mundu ulergarria eta mundu sentigarria. Mundu ulergarria ez-materiala, betierekoa, jaiotzarik gabea, aldagaitza eta ustelezina da. Mundu sentigarria materiala, sortua, aldagarria eta ustelgarria da. Ideiek mundu ulergarria osatzen dute, eta gauzek mundu sentigarria. Ideiak ezagutu daitezke; gauzez soilik iritzia izan dezakegu. Ondorioz, bi munduok bananduak, bereiziak, diraute. Honetan datza dualismoa. Ideiak pentsatzen dituen subjektuarengandik eta esentzia diren objektuarengandik independenteak dira. Gainera, ideiak gauzen eredu dira, eta mundu sentigarria ideien parte-hartze edo imitazioaren emaitza da. Ideien teoria horren iturriak batetik Sokratesengan eta bestetik filosofo aurresokratikoengan daude: kontzeptu unibertsalak eta aniztasunean batasuna (arjé).
Ongia
Ideiak mailakatuak daude. Lehen maila Ongiaren ideiari dagokio. Ongiaren pareko dira Batasuna, Edertasuna eta Izakitasuna. Ideia horiek errealitate-maila gorenekoak dira eta den guztiaren kausa. Bigarren mailan objektu etiko eta estetikoen ideiak daude. Hirugarren mailan objektu matematikoenak, eta azkenik objektu material edo gauzen ideiak. Onaren ideia eguzkiaren pareko jartzen da: eguzkiak mundu sentigarria argitzen duen bezala, ongiak ideien mundua, eta giza bizitza argitu behar du: jakitea ez da soilik zerbait ikastea baizik eta zerbait horren balioa norbereganatzea, horrela giza jokabidea zuzena izango baita, hau da, gizarteari eta kosmosari komeni zaiona egingo baitu.
Gizakia
Gizakia arima hilezkor eta gorputz ustelkorraren arteko batura akzidentalaren emaitza da. Biok guztiz desberdinak dira, elkartuta ageri dira gizakiagan baina behin-behinean, eta arimari dagokio gizakiaren bizitza gobernatzea. Platonentzat arima bizi-printzipio izateaz gain, hilezkorra da, gorputz batzuetatik bestetara igarotzen da, eta gainera ezagutza-iturri da. Anamnesi edo erremiszentziaren teoriak dio ikastea ez dela arimak ez daukana eskuratzea baizik eta arimak zeukana berreskuratzea. Baina, noiz ezagutu du orduan arimak oroitzen duena? Bizitza honetan ezinezkoa denez, derrigor aurrekoren batean izan behar du. Ondorioz, arima hilezkorra da eta ezagutza oro berrezagutza da. Arima bakarra da baina hiru funtzio ditu: arrazionala, suminezkoa eta irrikazkoa.
Ezagutza
Sentsazioa ez da ezagutza zeren sentsazioak mundu sentigarriak sortzen ditu eta mundu sentigarrian etengabeko aldaketak agintzen du. Beraz, mundu sentigarrian ez dago egiazko ezagutzarik. Egiazko ezagutza bilakaeraz ez baizik bilakatzen ez denaz, hau da, Ideiez dihardu. Eta bi dira ideiak ezagutzeko moduak: anamnesi edo erremiszentzia eta dialektika. Anamnesiaren teoriak dio arimak bere hilezkortasunari esker ideiak ezagutzen dituela eta zerbait ezagutzen dugula uste dugunean egiazki gertatzen dena da arimak gogora ekartzen duela lehen ezagututakoa. Dialektika Ideietara iristeko bidea da. Marraren alegoriaz azaltzen du. Marra bi esparru nagusitan zatitzen da: iritzia (doxa) eta ezagutza (epistemé). Iritziaren esparrua mundu sentigarriari dagokio eta ezagutzarena mundu ulergarriari. Iritziaren esparruak irudiak barne hartzen dituen bitartean, ezagutzarenak ideiak hartzen ditu. Zati bakoitza beste bi zatitan azpizatituz, irudimena, sinesmena, arrazoi-gogoeta eta jakintzari dagozkien azpimailak dauzkagu. Dialektika egiazko ezagutzarainoko prozesua da.
Gizartea, Hezkuntza eta Politika
Gizartea gizakien ingurune naturala da, norbanakoak besteen beharra baitu behar materialak nahiz behar izpiritualak ase ahal izateko. Gizakia gizartean bizitzeko jaio da. Hiri ideala hiru gizarte-klasez osatzen da: artisau edo langileak, zaindari edo gerlariak eta gobernari edo agintariak. Gizarte-beharrak dira gizarte klaseen sortzaile. Horrela lehenik behar materialak ase behar dira, eta horretarako daude ofizio desberdinetako artisauak. Gainera, gizartea ondo babestua egon behar du barne nahiz kanpoko arerioetatik, eta horretarako daude zaindariak. Garrantzitsuena ordea ondo gobernatua egotea da eta horretaz agintariak arduratzen dira. Gizartearen egitura hirukoitza arimaren zatiketa hirukoitzarekin bat dator. Arima zati bakoitzari bertute berezi bat dagokio. Bertuteak gizakia bikaintasunera igotzen duten jokaera zuzenak dira. Artisau-langileena neurritasuna da, hau da, ondasun materialez neurriz disfrutatzen jakitearena; gerlari edo zaindarien bertutea ausardia eta kemena dira. Agintarien bertutea jakinduria da. Bertute horietako bakoitza arima-zati bati dagokio: jakinduria arima arrazionalari, ausardia suminezko arimari eta neurritasuna irrikazkoari. Gobernuera egokiena aristokrazia zen: aristoi edo onenen gobernua, hau da, filosofoen gobernua. Aristokrazia endekatzean edo usteltzean timokrazia bihurtzen da: zaindarien gobernuera. Aberastasun irrikak timokrazia oligarkia bihurtzen du: aberatsen gobernuera. Baina lehenago edo geroago herria oligarken aurka altxatzen da eta demokrazia ezartzen da: herriaren gobernuera. Demokrazian askatasuna askatasunkeria bihurtzen da eta horrek tirania dakar: gizon bakar baten gobernuera.