Ezagutza eta Egia: Zientzia eta Teknologiaren Oinarriak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,99 KB
1. Ezagutzaren Esparrua
1.1. Zer da Ezagutzea?
Ezagutzea gauza edo objektu bat antzematea da, gauza edo gertaera batez ohartzea. Beste era batean esanda, ezagutzea errealitateaz jabetzea da, haren jabe egitea irudi eta errepresentazioen bidez.
Ezagutzaren Ikuspuntu Filosofikoa
Ezagutza-harremanaren egitura: Bipolaritatea
- Objektua (Objektiboa): Gure gaitasun kognitiboen bidez jaso dezakegun errealitatearen zatia.
- Subjektua (Subjektiboa): Ezagutzearen ekintza egiten duena da, haren gaitasunek eta inguruneak baldintzatuta.
- Ezagutza (Gnoseologikoa edo Kognitiboa): Subjektu bat objektu batez intelektualki jabetzearen ekintza eta ondorioak.
Mutur subjektiboaren eta objektiboaren arteko harremana ezagutzaren bidez gauzatzen da. Horretarako, irudiak, errepresentazioak (hitza ere) eta ideiak erabiltzen dira. Horiek ekintza kognitiboa edo ezagutzeko ekintza osatzen dute.
1.2. Ezagutza-Mailak
- Iritzia edo Ustea: Ezagutza-egoera horretan, subjektuak zerbait egiazkotzat du, baina hala denaren ziurtasunik gabe. Bi arrazoirengatik uler daiteke ondo:
- Ikuspuntu Objektiboa: Ez du ziurtasun objektiborik. Pertsonak ez du justifikaziorik aurkitzen, hots, ez du gainerakoak konbentzitzeko behar adinako frogarik aurkitzen. Justifikazio bat objektiboki baliagarria da aztertzen duen edozein pertsonak onar dezakeenean.
- Ikuspuntu Subjektiboa: Ez dago ziurtasun subjektiborik. Ez da ausartzen baieztatzera esaten duenaz ziur dagoela, eta, beraz, nahiago du esan “iritzi diodana da” edo “niri hala iruditzen zait”…
- Sinesmena: Pertsona bat ziur dago pentsatzen duena egia denaz (badu ziurtasun subjektiboa), baina ezin du pentsatzen duen horri buruz guztientzat onargarria den justifikaziorik eman (ez du daturik, ziurtasun objektiborik). Beraz, segurtasuna soilik subjektiboa da; izan ere, sinesten dugunak ez du behar adinako justifikazio objektiborik. Arrazoi horiek ez dute zertan beste edozein pertsonarentzat sinesgarriak izan behar. Hori horrela, sinesten duenak hitz hauekin adieraziko luke bere sinesmena: “… ziurtasuna dut” edo “irmoki sinesten dut…”
- Jakintza: Iritzi oinarritua da jakintza, zentzu hertsian, bai objektiboki, bai subjektiboki; beraz, ziurtasun objektiboa nahiz subjektiboa dago. “Nik… dakit” esaten duena subjektiboki sinetsita dago dakien horretaz, eta, gainera, arrazoi objektiboak ditu besteak konbentzitzeko frogak. Zerbait jakitea gainerakoen aurrean haren berri eman ahal izatea da, eta ezagutza mota hauek horren baitan bereizten dira: eguneroko jakintza, jakintza zientifikoa, filosofikoa, artistikoa, erlijiozkoa…
2. Zientzia, Teknika, Teknologia eta Teknozientzia
2.1. Teknika, Gizakia Bezain Zaharra
Jakintza teoriko-praktikoa da, tresnak sortzeko balio duena. Horren bidez, giza beharrak ase eta gure ingurua alda ditzakegu. Hiru aldi edo fase ditu:
- Zoriaren Teknika: Historiaurreko gizakiarena da. Sinplea da, kolektibitate bateko guztien esku dago, eta ekintza naturalen pareko errutina izatera iristen da.
- Artisauaren Teknika: Lanabesak edo tresnak sortzean datza. Pertsona batek eraginda ibiltzen dira, eta energia artisauarengandik lortzen dute.
- Teknikoaren Teknika: Makinak egiten dira. Makina bere kabuz dabilen tresna da, motor baten bidez funtzionatzen duena.
2.2. Jarduera Teknologikoaren Ezaugarriak
Hauek dira teknologiaren ezaugarriak:
- Jakintza sistematikoa da, hau da, beti berdin, prozedura zehatz bat jarraitzen da.
- Errepikagarria.
- Irakatsi daiteke.
- Nahiak asetzen ditu.
- Alde errepresentazionala (teorikoa) eta funtzionala (praktikoa) ditu.
- Efizientea izan behar da, eraginkorra. Helburua lortu behar du, ahalik eta kostu txikienarekin.