Feudalismoa Mendebaldeko Europan: Egitura eta Bizimodua
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,89 KB
Feudalismoaren Sarrera
Feudalismoa Mendebaldeko Europan nagusi izan zen erregimen politiko, ekonomiko eta soziala izan zen. Erregimen feudala IX. mendean sortu zen. Segurtasunik eza sortu zen, enperadorearen ondorengoen arteko borroken, Mediterraneoko musulmanen erasoen eta beste herri inbaditzaile uholde baten erruz, bereziki Atlantikoan. Erregeek ez ziren gai haien mendeko lurralde osoa zaintzeko, eta, horregatik, tokian tokiko nobleei eman zieten lurraldea babesteko ardura. Lurralde horiek erresuma eta estatu independente ugaritan zeuden banatuta.
Lurraren Antolaketa Feudala
Jaunaren erreserba jaunarentzat zuzenean ustiatzen zen lurraldea zen. Bertan zeuden jaunaren egoitzak. Mansoak zeritzenak jaunak nekazariei eman zizkieten lur sail txikiak ziren. Lana feudo eta jaurerrietan egiten zen. Feudo horiek erregearen, nobleziaren edo goi-kleroaren mendeko lurraldeak ziren. Feudoa jaunak basailuari egindako emakida zen. Lur hedadura handia izaten zen, eta emakidan sartzen ziren gobernatzeko, justizia administratzeko eta biztanleengandik zergak jasotzeko eskubideak.
Estamentu Pribilegiodunak
Nobleziak eta kleroak pribilegioak zituzten:
- Ez zuten eskuzko lanik egiten.
- Ez zuten zergarik ordaintzen.
- Lege bereziak zituzten.
- Kargu jakin batzuk betetzen zituzten.
Noblezia
Nobleziak gizartea babesten zuen. Noblezia pertsona kopuru urri batek osatutako estamentua zen. Bi talde zeuden, aberastasunaren eta aginpidearen arabera bereizita: goi-noblezia eta behe-noblezia.
Nobleziaren Egitura eta Heziketa
Nobleziako gizonezkoek umetatik hezten ziren jarduera militarrera eta zalduntzara heltzeko. Sei urterekin, jaun baten edo erregearen gaztelura joaten ziren, haien morroi izateko eta gorteko portaerarako arauak ikasteko. Hamalau urterekin ezkutari bihurtzen ziren, eta zaldun bati laguntzen zioten itzurazko guduetan eta benetako guduetan, haien ezkutua eramateko eta armak eta zaldia zaintzeko. Hogeita bat urte eginda, zaldun armatzen zituzten.
Andre nobleak gurasoek aukeratutako pertsonarekin ezkontzen ziren.
Nobleziaren Bizimodua
Nobleek beren jantziak oihalen kalitatearen, kolorearen eta apaingarrien aberastasunaren arabera bereizten zituzten. Nobleek okela gehiago jaten zuten, eta espezia garestiak erabiltzen zituzten, hala nola kanela edo piperbeltza, eta errezeta finak erabiltzen zituzten janariak prestatzeko.
Nobleak gazteluetan bizi ziren. Gazteluak jauna babesteko gotorlekuak ziren. Gerra izanez gero, bertan babesten ziren inguruko biztanleak ere. Gazteluok feudoaren erdialdean egiten zituzten, leku garaietan. Gazteluko bizimodua ez zen oso erosoa. Bertako gelak ilunak eta neguan hotzak, altzari gutxikoak eta ez oso erosoak izaten ziren.
Kleroa eta Elizaren Eginkizunak
Elizak zeregin garrantzitsuak zituen Erdi Aroko gizartean.
Elizaren Jarduera Eremuak
- Politika arloan: Kristau erresumen aferetan parte hartzen zuen, erregeei aholkuak emanez eta haien arteko eztabaidetan bitartekari lanak eginez.
- Ekonomia arloan: Elizak feudo handiak zituen eta errentak jasotzen zituen nekazariengandik.
- Gizarte arloan: Kleroa pribilegiodun estamentua zen, eta eragin handia zuen gizartean: mezetara joateko, barau egiteko eta bekatuak aitortzeko aginduak ematen zituen, eta pertsonen portaerak zaintzen zituen.
- Kultura arloan: Elizak irakaskuntza antolatu eta artelan ugari finantzatzen zituen.
Monasterioetako Bizimodua
Ordena erlijiosoetan sartzean, monjeek obedientzia, pobrezia eta kastitate botoak egiten zituzten. Haien bizimodua otoitza eta lana (erizaindegian, ostatuan, liburuak kopiatzen eta apaintzen, edo laborantzan) bateratzen zituen Ora et Labora printzipioaren arabera antolatzen zen.