Ilustrazioaren Ezaugarriak eta Euskal Herriko Ilustrazioa
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,26 KB
1. Ilustrazioaren ezaugarriak
Ilustrazioaren aroa Ingalaterrako Glorious Revolution izeneko iraultzarekin hasi eta Frantziako Iraultzarekin amaitzen da. Beraz, XVII. mende osoa hartzen du, eta garai horretako aldaketen isla ideologiko-kulturaltzat har daiteke, ikusmolde berrien bultzatzailetzat. Ilustrazioak espiritu kritiko arrazionalista kontrajartzen dio autoritateak, tradizioak eta errebelazioak gidatutako iluntasunari. Ilustratuek konfiantza eta fedea dute zientzia berrietan, autoritateari eta naturaz gaindikoari eraso egiten diete eta arrazoi autonomoaren alde egiten dute, gizadiaren aurrerapena haren eskutik etorriko delakoan.
- Arrazoi enpirikoa eta analitikoa: enpirismoaren kritikaren ondoren eta zientziaren garapenari esker, esperimentua eta gertakariak nagusitzen dira, eta esperientziatik abiatzen da ezagutza zientifikoa.
- Arrazoi kritikoa: arrazoiaren kanpoko aginpideen aurka (tradizio, autoritate, aurreiritzi eta superstizioaren aurka), eta arrazoiaren beraren autokritika (esperientziak ezarriko ditu arrazoiaren mugak).
- Arrazoi autonomoa: arrazoia da gizakiaren gidari bakarra, ezagutza-arloan ez ezik, baita beste arlo guztietan ere: publikoa nahiz pribatuan tradizio edo autoritate ororen gidaritza baztertzen da.
Aurrerapen zientifiko-teknikoen munduari buruzko ikuskera baikorra ematen die ilustratuei. Antzinako ikuskerak alde batera utziz, historia da gizakien etengabeko perfekziorantz (aurrerapenerantz) daraman bidea. Izan ere, arrazoiaren bidez, natura menderatu eta gizadiaren ongizate materiala eta zoriontasuna lor daitezkeela uste dute.
Ilustrazioak gizartean erreformatzen eta tolerantzian alde jokatzen badu ere, politikoki kontserbadorea dela esan daiteke (Montesquieu, Voltaire). Horrek argi uzten ditu burgesiaren mugak: ausartak erlijio-kontuetan, baina uzkurrak politikagintzan. Soilik bakar batzuek aldezten dituzte ideia demokratikoak eta berdinzaleak (Rousseau).
Ilustratuek erlijioaren interpretazio arrazionala egiten dute: gizakiak ezin du Jainkoa, sortzailea eta ordenatzailea, ezagutu, eta Jainkoa berbera da erlijio guztietan. Ez dute Errebelazioa onartzen, ezta mirariak ere, antinaturalak eta irrazionalak direlako. Erlijio arrazoidun edo natural honi Deismo deitzen zaio.
Kantek sutsu aldezten du Ilustrazioaren printzipio garrantzitsuenetakoa den askatasuna. Pentsamendu askea eta adierazpen-askatasuna ezinbesteko baldintzak dira arrazoiaren erabilera publikoa ahalbidetzeko. Arrazoiaren erabilera publikoa kritikaren jarduera da; hots, lege-aldaketa eta erreformen proposamen arrazoitua egiteko askatasuna, sortu berri den iritzi publikoaren aurrean. Askatasunaren bidez, gizakiek burujabetasuna lortzen dute, baita adin nagusitasuna ere, eta mesedegarri da hori ere gizadiaren aurrerapenerako. Aztergai dugun testuan, Kant batik bat erlijio-askatasunaz mintzo da.
Ilustrazio osoak bezala, Kantek naturala bilatzen du bere filosofian, mundu fisikoa eta giza mundua bereizita bada ere, naturala dena ona delako. Mundu fisikoan, Newtonen eredua onartzen du, eta eredu horren arabera, lege naturalek zuzentzen dituzte fenomeno guztiak, determinismo hertsian. Aldiz, mundu gizatiarrean, ageriko araurik ezean, gizakiek askatasunez jokatzea da naturala. Kantek dio ezin diogula fenomeno gizatiarren azalpenari eta aurresanari uko egin, naturak badaukala plan edo asmo ezkutu bat. Naturak a posteriori azaltzen ditu gertaerak. Dena dela, zein da gizakiaren natura? Gizartekoitasun tratagaitza. Hots, gizakiak taldea behar du, eta kidetasuna agertzen du, baina berekoikeria, botere nahi eta jabetza grina aseezinaz ere jarduten du. Berezitasun paradoxiko hau da giza ahalmen guztiak garatzera bultzatzen duena. Beraz, esan daiteke giza naturak berak bultzatzen duela gizakia kultura eta gizartea eratzera, natura transzenditzera.
Euskal Herriko Ilustrazioa
Euskal Herrian, helburu nagusi batekin hasi zen: Estatuaren atzerapen intelektuala, teknikoa eta ekonomikoa eraberritzeko grina. Peñafloridako kondearen eskutik, letrak eta zientziak lantzeko elkarte bat sortzeko proiektua abiatu zen. Prusian edo Alemanian goitik behera bultzatutako prozesu bat izan zen, Frantzian edo Ingalaterran baino moderazio handiagokoa eta elitistagoa.