Lege Itundua (1841): Nafarroako Foruen Amaiera
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,69 KB
1. Testuaren Iruzkina eta Analisia
Esku artean dugun testua 1841eko foruak aldatzeko legea da, Lege Itundua izenez ezaguna. Lehen eskuko iturria da, izaera publikokoa (legeak publikoak baitira). Gaiari dagokionez, testu juridikoa da.
- Egilea: Espainiako Gorteak.
- Hartzaileak: Berez denentzako da, baina, bereziki, Nafarroako erakunde eta biztanleentzat.
- Data eta Lekua: Madril, Espainiako Gorteetan, 1841ean.
Testuak Nafarroako Erresumaren berezko erakundeak eta foruak ezabatzeko balio izan zuen. Garai hartan, Isabel II.a zegoen erreinatzen, baina adinez txikia zenez, Espartero liberal erradikala zen erregeorde. Testuak dioen bezala, Nafarroak erresuma izaera galdu zuen eta probintzia bilakatu zen. Horrez gain, nafarrek zituzten hainbat pribilegio deuseztatu zituen liberalismo zentralistak.
2. Gertakari Hurbilak: Lehen Gerra Karlista (1833-1840)
Fernando VII.a 1833an hil zenean, Estatua ikusteko bi ereduk egin zuten talka: Isabel II.aren aldeko liberalek eta absolutista moderatuek, eta Karlos V.aren aldeko absolutista erradikalek. Borroka ideologiko horretan, liberalen zentralismoaren aurrean, karlistek Erregimen Zaharreko foruak aldarrikatu zituzten. Horregatik, karlistek aberria, erlijioa eta erregearen botere absolutua defendatzeaz gain, foruen defentsa ere gehitu zieten beren aldarrikapenei.
Altxamendu karlisten eta gerraren kokalekua batez ere Hego Euskal Herria eta Herrialde Katalanak izan ziren. Karlistek hasieran arrakasta izan arren, Zumalakarregiren heriotzaren ondoren, gerra berdinduta gelditu zen.
Bergarako Besarkada eta Gerraren Amaiera
1839an, Bergarako Besarkadan, Esparterok eta Marotok gerrari amaiera eman zioten, “bakea foruengatik” leloarekin. Bizkaia eta Gipuzkoako batailoiek bakearen eta Marotoren alde agertu ziren. Baina Nafarroa, Araba eta Herrialde Katalanetako karlistak eta Karlos V.a erregegaia akordioaren aurka agertu eta gerrarekin segitu zuten.
Karlismoa banandua zegoenez, urtearen buruan, mugimenduaren gune garrantzitsuak okupatu zituen Espainiako armada liberalak, eta 1840an gerra amaitutzat eman zuten. Nafarroa okupazio militarraren pean gelditu zen.
Gerraren Ondorioak Euskal Lurraldeetan
Lehen Gerra Karlistak amaiera ezberdina izan zuen lurralde bakoitzean:
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: Esparterok hitza bete zuen, eta 1839ko urriaren 25eko Foruen Baieztapen Legea onartu zen. Soldaduskaren salbuespenak eta zerga bereziak mantendu zituzten.
- Nafarroa: Horrelakorik ez zen pasa. Nafarroako eta Espainiako Gobernuko liberalak akordio bat sinatu zuten foru-araubidearekin amaitzeko: 1841eko Lege Itundua, esku artean dugun dokumentua.
3. Aurrekari Historikoak: Foruen Jatorria eta Bilakaera
Testua ulertzeko foruen jatorrira joan behar dugu. Foruak Erdi Aroan eginiko legeak ziren. Nahiz eta jatorria ezberdina izan, Nafarroako erregeek lege horien arabera gobernatu behar zuten Erresuma.
1512ko Konkista eta Foruen Mantentzea
1512ko konkistarekin, Gaztelako erregeen pean egon arren, Gaztelako erregeek foruei zin egin eta errespetatu behar zituzten. Hori 1515eko bateratze legeetan islatu zen. Konkistaren ondoren, Nafarroako erresumak bere foruekin segitu zuen XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan zehar. Tarteka Espainiako erregeen agindu edo legeren batek talka egiten zuen foruekin, baina ia arazorik gabe mantendu ziren.
XVIII. mendea: Zentralismoa eta Liberalismoa
Ondorengotza Gerraren ondoren, gauzak aldatzen hasi ziren, Espainiako erregeek botere absolutua eta zentralismoa nahi baitzuten.
Lehen urrats handia Aragoiko Koroaren aurkakoa izan zen: Austriako hautagaiaren alde egin zuenez, zigor moduan, Oin Berriko Dekretuen bidez, Aragoik foruak galdu zituen. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak, aldiz, Borboi errege hautagaiaren alde egin zutenez, foruak mantendu zituzten. Hala ere, XVIII. mendean hainbat liskar izan zituzten bertako agintariek eta Madrilekoek, aduanen kokapena zela eta.
XVIII. mendean sortutako liberalismo ideologia berriak ere ez zituen ongi ikusten foruak. Batetik, Madrileko aginduak betetzeko oztopo bat ziren (zentralismoa), eta bestetik, liberalismoaren helburu ekonomikoak betetzeko ere oztopo ziren. Horregatik, liberal espainiarrek euskal lurraldeen foruak jomugatzat hartu zituzten, eta hori 1812ko Konstituzioan islatu zen.
4. Balorazioa eta Ondorioak
Akordio hori 1841eko Lege Itunduan islatu zen. Lege honen ondorioz, Nafarroa probintzia bihurtu zen, bere erresuma izaera galduz eta gainerako probintziekin berdinduz. Horrela, foru-araubide berezia amaitu zen Nafarroan.