Platonen Etika: Zoriontasuna eta Bertutearen Ikuspegiak
Enviado por Comunidad Wikiteka y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,44 KB
Platonen Etika
5.1 Abiapuntua
Platonen etikaren abiapuntua eudemonismoa da. Eudemonismoa gizakiaren azken helburua zoriontasuna eskuratzea dela baieztatzen duen doktrina filosofiko-etikoa da. Etikaren helburua zoriontasuna lortzea bada, jakin behar da zoriontasuna zertan datzan. Platonek arazo hau aztertzen saiatu zen, bere maisuaren irizpideei jarraituz. Sokratesek esan zuen bezalaxe, soilik bertutetsua den gizakia izan daiteke zoriontsua. Hau da, bertutea zoriontasuna lortzeko baldintza beharrezkoa da. Beraz, zoriontasunaren arazoak bertutearen arazora eramaten gaitu.
5.2 Bertuteari Buruzko Ikuspegia
5.2.1 Intelektualismo Morala: Jakituria = Bertutea
Intelektualismo morala jakituria eta bertutearen arteko berdintasuna ezartzen duen doktrina filosofiko-etikoa da. Hau da, beharrezkoa da bertutea zer den jakitea, bertutetsua izateko; beharrezkoa da justizia zer den jakitea, justua izateko.
Intelektualismo morala, Greziako filosofian, oro har, onartu zen doktrina bat da. Jakintsuek bete izan zuten bertutearen eredua. Platonen filosofian ikuspegi honen esanahia hauxe da: ezagutza nagusira heltzen den gizakiak soilik eskura dezakeela bertutea eta, horren ondorioz, zoriontasuna. Horretarako, ideien ezagutzara heldu beharko da eta, mundu adigarriaren barnean, ideia nagusiaren ezagutzara (Ongiaren Ideiaren ezagutzara). Horrela izanez gero, gizakiak bizimodu onena izango du, filosofoarena. Filosofoak betetzen du bertutearen ideala.
5.2.2 Eragin Orfiko-Pitagorikoak: Bertutea = Purifikazioa
Nahiz eta ideien ezagutza beharrezkoa izan bertutea eta zoriontasuna eskuratzeko, hori ez da posible izango arima purifikatzen ez den bitartean. Horretarako, gizakia mundu sentikorrari lotzen dizkioten kateengandik askatzen saiatu beharko da, purifikazio prozesuaren bidez. Purifikazio hitzaz, ahal den neurrian, gorputzaren eta arimaren banaketa lortzea ulertu behar da. Purifikazioa lortzeko, gizakiari dagozkion jarduera espiritualak landu beharko dira. Hala ere, gorputza eta zentzumenak traba bat besterik ez dira izango arimarentzat, horien eraginez gizakia grina eta joera sentsualen menpe mantentzen den neurrian. Hortaz, gizakiak bertutea lortu ahal izateko pasio eta instintuak gainditu beharko ditu, mundu honekiko loturak haustuz.
Platonek arimen transmigrazio doktrina onartzen du. Doktrina honen arabera, gorputzaren heriotza iristen denean, purifikazioa eman ez bada, arima berraragituko da beste gorputz batean. Aldiz, gorputzaren heriotza iristen denean, arima purifikatuta egonez gero, bere jatorrizko sorburura itzuliko da.
5.2.3 Bertutea = Harmonia
Platonek arima aztertzen duenean hiru zatitan banatzen du. Hiru zati horiek gizabanako bakoitzean aurkitzen dira, nahiz eta gizaki bakoitzean hiruretatik batek izan lehentasuna. Zati edo arima mota bakoitzari definizio bat dagokio, baita berezko bertuteak ere. Horretaz gain, Platonek zati bakoitzari kokapen bat ematen dio gorputz mailan.
Platonentzat bertutea hiru arimen arteko harreman harmoniotsuen ondorioa da. Hiru arima moten artean, nagusitasuna arima arrazionalak izan behar du eta arima suminkorra eta iritsezko arima arrazionalaren menpe egon behar dira. Arima arrazionalak bere eragina zabaldu eta, zuhurtasunaren bidez, arima suminkorrari dagozkion ausardia eta sendotasuna zuzendu behar ditu, baita iritsezko arimaren apetituak neurtu ere. Gizakiengan, justizia zuhurtasun, sendotasun eta neurtasun bertuteen harmonia da.