XIX. eta XX. mendeko euskal testu historikoen bilduma

Clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 16,55 KB
Actualizado el

Resumen

Bilduma honek XIX. eta XX. mendeko euskal eta Euskadiko testu historikoak biltzen ditu: industria-protekzionismoari buruzko hitzaldia, meatzaritzako lan-baldintzak, Euskeldun Batzokijaren estatutuak, langileen aldarrikapenak, Clara Campoamorren hitzaldia, Fronte Popularraren programa, Euskadiko Autonomia Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoen indargabetzea. Dokumentuek industrializazioaren, nazionalismoaren, klase-borrokaren eta Gerra Zibilaren garaiko erakundeen gaiak lantzen dituzte.

Puntos clave

  • 1893an Federico Echevarriak Espainiaren eta Alemaniaren arteko itunaren aurka egin zuen, protekzionismoaren alde.
  • 1894an Euskeldun Batzokijaren estatutuek Jaungoikua eta Lagizarra goiburuak eta Bizkaiaren askatasuna aldarrikatzen dituzte.
  • 1904an Blasco Ibáñezen El intruso eleberriak meatzarien bizi-baldintza txarrak deskribatzen ditu.
  • 1931an Clara Campoamorrek emakumeen sufragio-eskubidea defendatu zuen Gorte Konstituziogileetan.
  • 1936ko Fronte Popularraren programak amnistia, Konstituzioaren berrezarpena eta banku-sistemaren hobekuntza proposatzen zituen.
  • 1936ko Euskadiko Autonomia Estatutuak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia Euskadi izenarekin batzen zituen.
  • 1937ko ekainaren 23an Francok Gipuzkoa eta Bizkaiako kontzertu ekonomikoak indargabetu zituen.

Resumen generado con IA a partir del documento. Ponte a prueba

Testu Historikoen Bilduma

9. Federico Echevarriaren hitzaldia librekanbismoari eta protekzionismoari buruz (1893-12-09)

Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren arteko itun tamalgarriaren ondorioz, proiektua atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko edozein industria-ekimen hondatuko lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, baita lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei ere.

Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke:

  • Labe Garaiak, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berrietan: altzairu-ekoizpena;
  • Talleres de Deusto, altzairu moldekatuak eta trakzio makinak eta -materiala egiteko sailean;
  • Aurrera, haren hodi-fundizio ezin garrantzitsuagoetan, altzairuzko manufakturetan;
  • Talleres de Zorroza eta Talleres de Miraballes, zubigintzan, bagoigintzan, eraikuntzan eta galdaragintzan (...) eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak.

Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak —izenik ezin dut eman—, 1892ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.

Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila urrundu araubidetik, ez dezala suntsitu halako modu zalapartatsu eta gupidagabean gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar itun zentzugabe hori.

Iturria: Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an. Bilbon, 1894.

10. Vicente Blasco Ibáñez: El Intruso eleberriaren pasartea (1904)

“Peoien etxea” zen, meatze-mendietako aterpetxe ziztrina, eta jornalariak han bizi ziren, pilatuta. (...)

Arestik zulo hartan igarotako gauetan pentsatu zuen, tristuraz beteta. Peoiak abailduta iristen ziren, egun osoa ematen baitzuten barrenatzeko makinek ateratako blokeak apurtzen, bagonetak harritzarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen. Babarrunak eta patatak bakailao edo urdail pixka batekin eskas afalduta, gelaxka hartan egiten zuten lo, izerdiz edo euriz bustitako jantziak soinean zituztela; botak bakarrik eranzten zituzten; jaka ere bai, batzuetan. Eskuez uki zitekeen sabai haren azpian, airea ez zen mugitzen, eta ordu gutxi batzuk igaro ostean, ezin arnastukoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren, beroak suspertuta, eta nekeak eraginda lozorroan zeuden gorputz bizigabeekin anker jokatzen zuten, iluntasunaren babesean. Gau ekaiztsuetan, zirrikitu eta arrailetatik sartu eta batetik bestera ibiltzen zen haizea, etxezuloa behera botatzeko zorian. Halakoetan, gorputz jantzi eta kirasdunak elkarren bila aritzen ziren, beroa lortu nahian. Izerdiak elkartu egiten ziren, eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen. (...)

Harrobia zen langile asaldatzaileen etsairik gogorrena. Lurpeko meazuloetako arriskuei aurre egiteko, beharrezkoa zen nolabaiteko trebezia; beraz, ez zen erraza hango langileen ordezkoak bilatzea, irakatsi egin behar baitzitzaien ofizioa. Baina Enkarterri emankorretan, burdinak mendiak osatzen ditu: ustiaketa kanpoaldean egiten da; harria atera, jaso eta eraman, ez da besterik egin behar; zulatu eta apurtu, ereiteko lurretan bezalaxe. Goseak bultzatuta, etengabe iristen ziren peoiak, multzo handitan, eta gehiegikerien aurka protestaka lanpostua utzi zutenak ordezkatzen zituzten, ahaleginik egin gabe. Gizonen etorrera etengabe hura eteten ez bazen, Enkarterrietako langileak behin eta berriz ordezkatzen bazituzten, zaila zen lan hark bere eskubideak eskuratzea.

Iturria: Vicente Blasco Ibáñez, El intruso, Valentzia, 1904.

11. Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894)

  1. 1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin sortzen da Bilboko hirian aisiarako zentro bat, helburu duena (...) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra goiburuan jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun- eta adiskidetasun-loturak sortzea.
  2. 2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena eta Arana eta Goiri'tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (...).
  3. 3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan.
  4. 4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Bere lege tradizionaletan, foruetan, jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskal arrazako familiez osatuko da gehienbat, erabat ez bada. Euskara izendatuko du hizkuntza ofizialtzat.
  5. 5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
  6. 6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta nabarmenaren gainean ezarriko da Bizkaia.
  7. 7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jartzea. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
  8. 8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren senide izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskelerria (Euskeria) izeneko osotasuna eratzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe (...).

Iturria: Bizkaitarra (Bilbo), 1894-05-24.

12. La Lucha de Clases: Bizkaiko langileei (1896-05-23)

Bizkaiko langileei

(...) Bizkaiko meatzeetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako frontoian bildurik, manifestazio zaratatsuak egin zituzten meatze eskualde hartako erregetxoek derrigorrezko kuartel eta dendak mantentzearen aurka, eta batzorde bat eratu zuten botere publikoei edo haien ordezkariei haiek berehala eta erabat desagerrarazteko. (...) Meatzeetako langileak bat eginik altxatu ziren greban 1890ean, lanaldia murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea aldarrikatuz. (...)

Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarritako lanaldiari eusten zaio, baina derrigorrezko barrakoi eta dendei dagokienez, lehenengo grebaren aurrean bezala dago egoera, oso-oso alde txikiarekin, meatze-zona guztian.

Bizkaian, legeak gutxietsiz eta mendearen izaera liberala murriztuz, nahitaezko baldintza da, lanean onartua izateko, etxe ez-higienikoetan bizitzea eta janaria, ona edo txarra (ia beti txarra eta eskandaluzko prezioan), denda jakin batzuetan erostea.

Hori, gure iritziz, hainbestetan ahoan hartutako lan-askatasunari egiten zaion eraso larri bat da, osasun- eta higiene-legeei egiten zaien irain bat da, eta, batez ere, inongo gobernu kultuk onartu behar ez lukeen zapalkuntza antihumanitario bat da.

Baina Bizkaiko meatzeetako langileek, esklabotasun berri eta higuingarriaren ikur diren derrigorrezko kuartel eta dendak desagerrarazteko, grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko dute, baldin eta gobernuak eta agintariek uste ez badute benetako krimenak egiten dituzten kontzientziarik gabeko zapaltzaileen ase ezintasunari muga jarri behar zaionik.

Iturria: La Lucha de Clases (Bilbo), 1896-05-23.

13. Clara Campoamor diputatuak Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldia (1931-09-01)

Utz iezaiozue emakumeari den bezalakoa agertzen, hura ezagutu eta epaitzeko; errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (...) eta baldin eskubide konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago askatasunaren kontzeptutik, ez iezaguzue arrazoitzat aipa izaki desberdinen arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (...). Utz iezaiozue emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere, horrela bakarrik heziko baita hartan.

(...) Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, asko poztu nau pentsatzeak mundu zibilizatuko orain arteko konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izango dela. Eta pentsatu dut, halaber, Errepublika ezarri eta hamabost egunera behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiaren menpe egon garen aurreko hogei mendeek aitortu ez ziotena aitortuko diotela emakumeari. Uste dut hau izango dela emakumearen [sufragio] eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzungo da latindar ganbera batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren haizeak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea (...). Eta honela diotsuet, legegile jaunak: (...) ez ezazue onar beste latindar nazio batek, datozen egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna.

Iturria: Diario de Sesiones de las Cortes Constituyentes de la República Española; 1931ko irailaren 1eko saioa.

14. Fronte Popularraren Programa (1936-01-16)

Alderdiak (...) berehala izango den hauteskunde-lehian euren indarren koalizioari oinarri eta kartel gisa balioko dien plan politiko komuna adostera iritsi dira. (...) Koalizioan elkartutako alderdiek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

  • Lege baten bitartez, 1933ko azaroaz geroztik egindako delitu politiko eta sozialen amnistia zabala ematea, auzitegiek halakotzat jo ez bazituzten ere (...).
  • Askatasunaren eta justiziaren defentsan, Estatu errepublikanoaren eta haren erregimen konstituziogilearen funtsezko misio gisa, koalizioan elkartutako alderdiek Konstituzioaren agintea berrezarriko dute. (...)
  • Errepublikazaleek ez dute onartzen lurra nazionalizatu eta nekazariei emateko printzipioa, alderdi sozialistako ordezkariek eskatua. Baina bestalde, begi onez ikusten dituzte nekazariak askatzeko ezarri daitezkeen zenbait neurri (…).
  • Alderdi errepublikazaleek ez dituzte onartzen langile-alderdiek bankuak nazionalizatzeko proposatutako neurriak; baina, bestalde, onartzen dute gure banku-sistemak hainbat hobekuntza behar dituela (...).
  • Alderdi errepublikazaleek ulertzen duten Errepublika ez da klase-arrazoi sozial edo ekonomikoek zuzendutako errepublika bat, interes publiko eta aurrerapen sozialeko arrazoiek bultzatutako askatasun demokratikoko erregimen bat baizik. Baina, arrazoi ausart horrexegatik, politika errepublikazaleak produkzioaren interes orokorrak uzten duen muga goreneraino igo behar lituzke langileen baldintza moralak eta materialak, muga horretatik kanpo pribilegio sozial eta ekonomiko guztiei ezarri beharreko sakrifizioak direnak izanda ere. Alderdi errepublikazaleek ez dute onartzen alderdi sozialistaren ordezkaritzak eskatutako langile-kontrola.

Iturria: El Socialista (Madril), 1936ko urtarrilaren 16a.

Euskadiko Autonomia Estatutua (1936-10-04)

Diputatuen Kongresuak honako Lege hau agindu eta berretsi du:

1go. atala.- Erkalaren (Errepublikaren) araudi nagusiak eta Araudi onek diotenez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaya, España laterriaren (estatuaren) soin barrunean, berjabetasunez janzten dira, Euzkadi izentzat arturik. Aitatutako erkiak (probintziek) dituzten lurraldeak osatuko dute lurki (eskualde) berri au. Erki bakoitza bere buruaren jabe izango da, (...) Euzkera, gaztelera lez, Euzkadi'ko laterri-izkera (hizkuntz ofiziala) izango da.

5'en atala.- Berjabetasuna dun Erkian (probintzia) legea babesteko eta erri-pakeari iraunerazteko uri-zaintza arazoa Euzkadi'ren esku dago.

10'gn. atala.- Euzkadi'ko Agintaritza erriagandik sortua da. Erkalaren (Errepublikaren) Araudi Nagusiak eta Araudi onek diotenaren arauz, erriak nai dun bezela erabilliko da. Esi (Hesi) oietxek izango ditu ordea:

  1. Legeak emango ditun Batzarrean (Erakunde legegilean) 25.000 biztanlek ordezkari bat izan bearko dute gutxienez. Beste edozein Lege-emale Batzarren (Erakunde legegileren) gixa, auteskunde orokar (orokor), zuzen eta ixilen bidez autuak diralarik.
  2. Legeak bete eraziko ditun Batzordeari (Erakunde betearazleari) Lege emailleen uste ona bearrezkoa izango zaio. Erkiaren Erkalarekiko (Errepublikarekiko) artuemanak (...) Lendakariaren gain izango da.

Bitarteko erabakiak. Lenengoa. Oraingo gudak diraun bitartean, Araudi onek aitortzen ditun eskubide guzien jabe dan bitarteko (behin-behineko) Jaurlaritza baten esku izango da erri-agintea (gobernua). Bitarteko Jaurlaritza onen Lendakaria, Araudia baieztu dala jakin-erazten dan egunaren zortziurrenaren mendean autua izan bedi, erriak autu eta gaur Udal-gizon izanik bere autarkia azkatasun osoz eman lezateken ziñegotzien autarkiz (hautaketaz). (...)

Bitarteko (Behin-behineko) Lendakari aututze ontarako Bizkaya'ko Jaurlaria izango da buru, beronek dion leku eta egunean. (...)

Era onetan antutako Lendakariak esango du Jaurlaritzarako zeintzuk izan. Gutxienez bost lagun izendatuko ditu.

Iturria: Gaceta de Madrid, 281. zenbakia, 1936ko urriaren 7koa. Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoa, 1. zenbakia, 1936ko urriaren 9koa.

Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertu Ekonomikoak Ezeztatzeko Lege-Dekretua (1937-06-23)

Euskal probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema itunduak pribilegio nabarmena du erregimen arruntari lotutako gainerako lurralde nazionalarekiko, ez probintzia horietako aldundiek arlo horretan duten autonomia zabalagatik bakarrik, baizik eta probintzia horietako zergapekoak karga publikoak altxatzeko egiten duten ahalegin txikiagoagatik (...).

Kontzertua mesedegarri izan zuten askok botere publikoaren eskuzabaltasuna ahazturik, Gipuzkoan eta Bizkaian, armak hartu zituzten uztailaren 17an abiarazitako Mugimendu Nazionalaren aurka, eta traizioz erantzun zioten salbuespenezko eskuzabaltasun hari (...).

Zerga eta administrazio erregimenaren berezitasunak bere sentimendu nazionala eta Aberriaren patu komunarekiko atxikipenaren suhartasuna gero eta gehiago goraipatzeko balio izan du probintzia batzuetan, hala nola Nafarroa Txit Leialean. Beste batzuetan, aldiz, Espainiaren aurkako politika guztiz baldarra egiteko balio izan du; horiek horrela (...), amaiera eman behar zaio kalte larriak eragiteko tresna gisa erabili zuten sistema horri. Gogoeta beren arabera, Arabako probintzian gaur egun indarrean dagoen sistemak jarraitu egin behar du (...).

Horren kariaz, honako hau xedatzen dut:

Lehen artikulua. Datorren uztailaren batetik aurrera, Estatuko kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta berezi guztien kudeaketa eta bilketa indarrean dagoen erregimen komunaren arabera egingo da Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan (...). Beraz, indargabetuta geratuko da, lehen adierazitako datatik aurrera, haien aldundiekin itundutako eta gaur egun indarrean zegoen ekonomia arloko erregimena.

Burgosen, 1937ko ekainaren 23an. Francisco Franco. Boletín Oficial del Estado, 1937ko ekainaren 24koa.

Preguntas frecuentes

Zer dakar Euskeldun Batzokijaren 1894ko estatutuak?

Batzokijaren estatutuek Bizkaiaren katolikotasuna, euskal arraza eta foruen berrezarpena aldarrikatzen dituzte. Euskara hizkuntza ofizial gisa izendatzen dute eta Bizkaia Elkarte Nagusiaren mende jartzen dute.

Zergatik defendatu zuen Clara Campoamorrek emakumeen sufragioa?

Campoamorrek esan zuen emakumea gizaki gisa eskubideen jabe dela eta Konstituzioak emakumearen askatasuna aitortu behar duela. Espainia latindar herrialde batean emakumearen sufragioa aitortzen lehena izango zela uste zuen.

Ponte a prueba

Tarjetas de repaso

Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.

Test

1. Noiz eman zuen Federico Echevarriak hitzaldia librekanbismoari eta protekzionismoari buruz?
2. Zein izan zen Euskeldun Batzokijaren estatutuen goiburua?
3. Zein eleberrik deskribatzen ditu meatzarien bizi-baldintzak 1904an?
4. Zein izan zen Fronte Popularraren programako konpromisoetako bat?
5. Noiz indargabetu zituen Francok Gipuzkoa eta Bizkaiako kontzertu ekonomikoak?

Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.